Bosgarrenez jarraian Gipuzkoako Txapeldun da Hondarribia
Emakumeak seigarren izan ziren atzo zumaiarren atzetik. Ez dute Donostian jokatuko den Euskadiko Txapelketan aritzeko txartela eskuratu. Hondarribia A taldea, ordea, Kontxa Badian lehiatuko da igandean.
Hondarribiko uretan jokatu zen atzo Gipuzkoako Traineru Txapelketa. 24 talde aritu ziren beterano, emakume eta gizonezkoen kategorietan. Hondarribia Arraun Elkartea emakumezkoetan zein gizonezkoetan aritu zen.
Emakumeetan berdeak seigarren izan ziren. Bigarren txandan lehiatu ziren Hibaikaren, Zarautzen eta Zumaiaren kontra. Lehen luzean zumaiarrek aise hartu zieten aurrea eta 8 segundoko tartearekin heldu ziren ziabogara. Itzuleran Hondarribiarrek bizpahiru olatu hartu zituzten, eta parean jartzera heldu baziren ere, azkenean gorriek bi segundoko tartea atera zieten.
Sailkapen orokorrean Hondarribiarrak seigarren izan ziren, Donostia Arraun Lagunak-en (11:16,08), Tolosaren (11:25,40), Donostiarraren (11:27,12), Orioren (11:30,36) eta Zumaiaren (11:35,07) atzetik. Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu ez bazuten ere pozik amaitu zuen etxeko arraunlariek, eta liga hasi aurretik lehiatzen jarraitzeko, larunbat honetan Lekeition antolatu duten jardunaldian parte hartuko dute. Hemen klik eginda emaitzen zerrenda osoa ikus daiteke.
Gizonezkoek, berriz, estropada borobila egin zuten. Orio, Donostiarra eta Getaria izan zituzten aurkari ohorezko txandan. Lehen hiru luzeetan lau traineruen artean borroka estua izan zen arren hondarribiarrak aurretik izan ziren uneoro, eta azken ziaboga eman ondoren hamar segundoko tartea zabaltzea lortu zuten (20:53,74), Gipuzkoako Txapelketa irabaziz. Getariarrak bigarren izan ziren (21:03,44), hirugarren donostiarrak (21:03,75) eta laugarren sanjuandarrak (21:08,07 ). Asteburu honetan, laurak, Euskadiko Txapelketan arituko dira, hurrenez hurren.
Bosgarrenez lortu dute hondaribiarrek Gipuzkoako txapela bereganatzea. Asteburu honetan Donostian arituko dira Euskadiko txapela ere etxera ekartzeko gogoz.