Aurtengo pregoia jotzearen ohorea adinekoena izango da
Irungo adinekoen 10 elkartetako ordezkariak igoko dira udaletxeko balkoira ekainaren 23an.
Irungo Udalak iragarri du aurtengo pregoia Irunen dauden adinekoen hamar elkartek joko dutela. Cristina Laborda alkatearen arabera, “urteetan eta are bizitza osoan, hiriaren alde eta hiriarentzat lan egin dute, eta errekonozimendua merezi dute. Adinekoak oso-oso ondare baliotsua dira, eta bidezkoa da ikusgaitasuna ematea. Gainera, hau bada boluntariotzaren balioa azpimarratzeko modu bat ere, boluntariotza bizitzeko filosofia eredugarri bat baita eta jaietako protagonista izatea merezi baitu”.
Irungo elkarte hauen helburua “oso duina” dela azaldu du udalak, “alde fisiko eta mentaletik aberasgarriak diren jarduera eta ekimenen bidez bakarrik egon nahi ez duten adinekoei lagun” egiten dutelako. Adinekoen elkarteen beste eragileetako bat inklusioa eta belaunaldi arteko topaketak dira, baita adinekoen egoera hobetzeko borroka ere.
Hain zuzen ere, arrazoi horiek direla eta saritu nahi izan du Labordak haien lana, “oso baliotsua” dela dio. “Irun oso-oso harro dago besteen ongizateari emana den hainbeste jende izateaz. Horrelako pertsonak erreferenteak dira zinez, gazteentzat bereziki, eta, nire ustez, elkartasuna, eskuzabaltasuna eta beste balio garrantzitsu batzuk transmititzeko aukera da hau”.
Honako hauek dira pregoia joko duten elkarteak: Makila; Izarbide, Appebida, Gure Altxor, Nagusilan, Sorosartxa; Zelaiburu; Gepe; Bidasoko Adinekoen Elkartea; eta Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua.