Zazpi eguneko greba egingo dute etxez etxeko langileek
Udalak azpikontratatutako herriko beste sektoreetako langileen soldata baino %30 txikiagoa da etxez etxeko langileek urtean jasotzen dutena. Langileak prekarietatetik aterako dituen hitzarmen bat sinatu nahi dute.
Hilaren 12, 13, 14, 20, 21, 24 eta 25erako greba egunak deitu ditu ELA sindikatuak Hondarribiko etxez etxeko zerbitzuan. Udalak azpikontratatutako herriko beste sektoreetako langileen soldata baino %30 txikiagoa da etxez etxeko langileek urtean jasotzen dutena. Hau da, lorezainek, kiroldegiko langileek edo mantenimenduko langileek baino 8.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean. “Aldea ikaragarria da” adierazi du Xabier Olaizolak, ELA sindikatuko ordezkariak.
25 langile dira Zaintzen-Clence enpresarentzako lanean dabiltzanak. Guztiak emakumeak dira. Horietako lauk soilik dute jardunaldi osoa, gainontzekoek jardunaldi partzialak dituzte. Gainera, ez dute egutegi finkorik eta lan egiten dituzten orduak kobratzen dituzte soilik. Erabiltzaileren bat oporretara, ile apaindegira, edo medikura joaten bada (zerbitzua dagokion orduan) langileak ez du lan egingo eta beraz, diru sarrera hori gabe geratuko da. Olaizolak azaldu du halako praktikak genero arrakalaren baitan soilik uler daitezkeela: “Badakigu emakumeak direlako dela”.
Udalak plegu berriak martxan jarri behar dituen honetan, langileen helburua hitzarmen berria sinatzea eta hura pleguetan txertatzea zen, baina prozesuan atzerapenekin topo egin dute. Hondarribiko Udalarekin zenbait bilera izan zituzten, eta beren baldintzak hobetzeko dirua jartzeko prest agertu zela zaldu du Cristina Alza etxez etxeko langileak. Enpresak, ordea, ez du proposamen hori onartu nahi izan. Langileei gainera, ez die arrazoi zehatzik ematen. Sindikalariaren ustez enpresak “herri guztietan berdina gertatzeko eta mozkinak txikiagoak izateko beldurra du”.
Egora horretan udalari hiruren arteko (enpresa, langileak eta udala) bilera bat egitea eskatu zioten. Udalak, ordea, negoziaketan parte hartu ezin duela erantzun zien. Testuinguru horretan, etxez etxeko langileek grebara jotzea erabaki dute.