"Poliki-poliki Hondarribiak bota ninduen herritik"
2022an Viv Vintage denda eta topagunea ireki zuen Hondarribian 31 urteko Nora Ferreirak, baina joan egin behar izan du. Arrazoien artean, alokairuen prezioa eta bizi proiektua garatzeko ezintasuna daude.

2022ko urtarrilean ireki zenuen Hondarribiko Alde Zaharrean Viv Vintage zure denda eta espazioa. Hondarribian turismo asko dago. Horrek erraztu ala zaildu egiten du denda bat edukitzea?
Egia esan, salmentei begira niri erraztu egin zidan. Turistak estimatu egiten du bigarren eskuko arropa, Europan askoz ohituago daudelako bigarren eskuko gauzak erostera. Orduan, turistak saltzeko onuragarri ziren niretzat, baina nik nahi nuen publikoa Hondarribikoa zen. Madrildik Hondarribira ia 10 urteren ondoren itzuli nintzen 2021ean, eta egia da denda ireki eta hilabeteetara lortu nuela Hondarribiko bezeroak edukitzea, batez ere neskak, 35 eta 50 urte artekoak. Izan daiteke profil horretako jendeak erosteko ahalmen handiagoa izatea, baina uste dut erosahalmena baino, bigarren eskuko arropa erostearen garrantzia ulertzearekin lotuta doala dena. Oraindik hemen ez gaude horretara ohituta. Beraz, niri turismoa interesatzen zait, baina ez zait Hondarribiko masifikazioa gustatzen. Denda ireki nuen, baina amaren etxean bizi nintzen. Gero denboraldi batez lagun baten ganbaran. 10 urte lanean dabilen autonomo batek ordaintzen duen berbera ordaintzen nuen, lokalaren alokairua, zergak… Gero, 2023an, denda itxi behar izan nuen.
Denda irekitzerakoan, zein izan zen zuk abiatutako proiektua?
Espazio bat zen eta horregatik lokala oso handia zen. Bertan denetariko jarduerak egin zitezkeen, esate baterako, neska talde bat biltzen hasi ginen irakurtzen genituen liburuez aritzeko, edota pankarta bat egiteko. Lokalik ez zeukan artisau batek bere lana jarri nahi bazuen, horretarako aukera zuen. Euskal Herriko I. Tomate Txapelketa ere lokalaren barruan egin genuen, Psilocybeko sarrerak eta biniloak bertan saltzen ziren… Gauza nahikotxo egin ziren. Baina uste dut espazio artistiko guztiek artearekiko maitasunagatik irauten dutela, eta ekonomikoki sostengaezina da hori. Azken finean, lokala jende askorentzako bazen ere, gastu guztiak nire gain zeuden. Baina, bai, kontzeptu bat zen, eta arropaz gain, dendan zegoen guztia eramateko aukera eskaintzen nuen: armairuak, alfonbra, diskoak… Hastapena zaila izan zen, baina azkenean forma eman nion.
Aurten Bilbora joan zara. Herrian hutsunea utzi duzunaren sentsazioa duzu?
Bai, eta hutsune nabarmenena azoken, iniziatiba berezien eta musika pintxaden bueltakoa izan da. Hori da jendeak batez ere eskatzen duena. Udara batean Katea Fest egin genuen; uler dezaket jendeak hutsune hori nabaritzea, baina denda itxi nuenean denbora batez haserre izan nintzen. Izan ere, Katea Fest bezalakoen beharra adierazten zuen jendeak —ondo pasatzen zutelako eta asteburuetan egiten zelako—, baina azkenean erre egiten zara ikusten duzulako ezin duzula zure proiektua aurrera eraman, eta itxi egin behar duzu. Jendeak aisiarako zerbait antolatzea eskatzen dizu, eta oroitzen dut nire amari esaten niola: «Bai, jendeak dibertitu nahi du, baina nik zure etxean bizi behar dut. Eta, bitartean, festara datorrena, festa bukatzen duenean, Alde Zaharreko bere etxera joango da, eta ni, bien bitartean, ezin naiz alokairuzko etxebizitza batean sartu». Orain haserrealdi hori pasa zait, ezberdin ikusten dut dena, jendeak ez duelako errurik. Sentitzen nuen herriarentzat zerbait antolatzen ari nintzela, herrian niretzako tokirik ez neukanean: lokala itxi nuen, Ttopara tabernan sartu nintzen lanera, eta amaren etxera itzuli nintzen. Poliki-poliki Hondarribiak bota ninduen herritik.
Joan egin behar izan al zenuen?
Lokalaren jabeekin problemak izan nituen ere bai, eta erakunde batek ere ez zidan babesik eman egoera horren aurrean. Izan ere, lokalaren jabeak bizitza ezinezkoa egiten zidan, eta bizilagunek ere hobe nuela joatea esan zidaten. Beraz, joan behar izan nuen. Jende batek esaten zidan ez ixteko lokala beste bat aurkitu arte, baina ez nuen inoiz lokalik topatu, ez behintzat aloka nezakeena. Ikusi nituen lokalen prezioak: Alde Zaharrean neukanarekin alderatuz hiru aldiz garestiago ziren. Ezin izan nuen beste lokalik ordaindu, eta ez nuen inolako diru laguntzarik ere. Hondarribian laguntza bat ematen dizute negozioarekin urtebete daramazunean, eta gutxieneko gastuak frogatzen dituzunean. Aldiz, proiektu bati ekiteko ez dago inolako alokairu sozialik, Hernanin dagoen bezala, adibidez. Hondarribian hori ez dago.
Lokala ez lortzeaz aparte, ez nuen topatu gustuko nuen lanik, sorkuntzarekin lotutako ezer ez nuen aurkitu. Aukera guztiak aztertu nituen, baina ez nuen topatu ezer Hondarribian bizitzen egin nezakeenik. Eta ez naiz ari nire ametsetako lanari buruz, ez du zertan hori izan behar. Nik Hondarribian bizi nahi nuen, itzuli nahi nuen 10 urteren ondoren.
Orain, Bilbon zaude. Zergatik Bilbo?
Ez nuen nahi proiektua geldirik egoterik. Viv Vintage, denda izateaz gain, proiektu bat ere bada, eta beste hamaika gauza izan daitezke, baina zortzi hilabete zeraman proiektuak geldirik. Gauzak probatzea gustatzen zait, ez dut horrekin inolako arazorik, eta lokal bat topatu nuen Bilbon. Hasieran, Hondarribian bizi nahi nuela tematu nintzen, eta Donostian eta inguruan begiratzen egon nintzen. Lagun berriak egin nahi nituen jaio naizen herrian, familiatik gertu egon nahi nuen ere bai, baina Bilbon topatu nuen lokala.
Udal gobernu berri bat dago Hondarribian. Zer eskatuko zenioke udalari?
Oso argi daukat. Nahiz eta udal gobernua aldatu den –eta asko pozten naiz horregatik– Hondarribiko familia ereduak, bizimodu ereduak, uste dut berbera izaten segitzen duela. Hondarribian esan izan didate artista izatea nik erabaki dudala, eta nire gain dagoela, beraz, bizitza prekarioa. Horrez gain, Hondarribian zuk zeuk bakarrik bizi nahi duzula ere erabaki dezakezu, familia eredu horretatik kanpo, alegia, baina ez dago horretarako lekurik. Ezin duzu zure hautuz bakarrik bizi, eta bost axola zein lan duzun edo ongi doakizun: ezin duzu bakarrik bizi. Hortik hasita, gainontzekoa sorgin gurpil bat da.
Hondarribian ez dut gazterik ezagutzen lanean ondo joanda ere, bere kabuz bi alokairu ordaintzeko gai denik: lokalarena eta etxearena. Horrek amorrua ematen dit. Ematen du Hondarribian jendeak ez duela ikusten herri osoa urtu behar duzula proiektu bat hasi eta zure bizitza egin ahal izateko. Hondarribiko Udalari eskatzen dizkiot Hondarribian bizi denarentzako, Hondarribikoa denarentzako, edota Hondarribian bizitza egiten duenarentzako ekin ahal izateko laguntzak, eta ez eskaintzea soilik behin proiektua hasi duzunerako dagoen bultzada hori. Azken finean, Hondarribian, etxe huts bezainbeste lokal huts daude
Jaizkibel Konpainiako kapitaina ere bazara, eta hura sortu zeneko hasierako urteetan jazarpena jasan zuten bertan parte hartu eta negozio bat eduki zutenek, besteak beste. Aldatu al da egoera hori?
Denda ireki nuenean merkatariek esan zidaten ezin nuela alardeari buruz hitz egin, asko pentsatu behar nuela esaten nuen guztia. Argi neukan ez nuela horrekin bat egiten. Jaizkibelen eta egunerokoan aldarrikatzen ari garena da normalizazioa. Gure konpainiako kideak beste pertsona bat gehiago bezala tratatzea nahi dugu, eta hori normalizatu nahi dut. Horregatik naiz naizena, eta agertzen naiz agertu behar dudan tokian, aurretik jakinda ere jende askok gaizki ikusiko nauela. Azkenean, kapitaina izanik, mobidaren aurpegi ikusiena naiz, baina horrek pizten nau: norbaitek gorroto banau, gorroto nazala bider bi. Ez baditugu gure espazioak hartzen, gizarteak ez du aurrera egiten. Batzuetan ekintzekin aldarrikatu egin behar da, eta ez hitzekin.
Psilocybeko bazkidea izan zara. The Iiingles taldeak abesten du: neskak, Psilocybera. Aldarriarekin bat egiten duzu?
Bai. Era berean uste dut Hondarribian gertatzen dena ari dela gertatzen Psilocyben: galdutako kausa bat da. Psilocyben ibiltzen hasi nintzen eta oso kontent joaten nintzen bertara: The Iiinglesekin jo nuen, edota indarkeria matxistaren aurkako prebentzio protokoloa egin genuen. Oso gustura egon naizen espazio bat da, lagunartean sentitu naiz, baina uste dut segitzen duela gizonen espazio bat izaten, eta beraien arauak dituzte. Erabiltzen duten dinamika oso hertsia da, eta oso zaila da modu irekian parte hartzea. Dena den, uste dut emakumeok gauza asko lortu ditugula eta espazio bat eman digutela, aldizkakoa izan bada ere. Oso eroso sentitu naiz, baina espazio gehiago behar ditugu, agian soilik femeninoak direnak, buelta emateko dagoenari, ikus dadin zer izan daitekeen Psilocybe eta zer ez zen izango. Azken batean, bertan sartzen zara, baina irteten bukatzen duzu. Horrek erre egiten du. Gauzak egin ditzakezu, baina ez zara guztiz sartzen.