"Lan honek bidea ireki du eta ikerketa zabaltzen ari gara"
2020an I. Enrique Lekuona Beka irabazi eta lau urteren ondoren egindako ikerketa aurkeztu dute: ‘Portuarrak. Begirada historiko bat Hondarribiko itsas komunitateari’.
Porturrak ikerketa liburua aurkeztu berri duzue. Zer da zehazki liburuak jasotzen duena?
JOSU NARBARTE: Kontua da udalak, Enrique Lekuonaren familiak eta Aranzadik beka martxan jarri zutenean gaia mugatu egin zutela. Ondarea, itsasoa eta euskara ziren ikerketagaiak eta bi urtetik behin ateratzen den beka honi hiru gaietako bat esleitzen diote. Gure kasuan itsasoa egokitu zitzaigun. Baina lehenengo edizioa zenez, hiru gaiak bateratuko zituen gai bat planteatu nahi genuen. Enrique [Lekuona] bera arrantzale familiakoa izanik, gai horren inguruan hutsune bat zegoela uste genuen. Orduan, Portua auzoa, gaur egun hiriaren erdigunea dena, eta bertako bizilagunek zer historia eta zer ondare sortu duten aztertzea interesgarria zela iruditu zitzaigun.
344 orri dauzka liburuak, ikerketa sakona egin duzue.
ARITZ DIEZ: Lana luzea izan da. Gauza berri eta interesgarri asko atera dira. Bereziki, Josuk zioenaren harira, pentsatzen genuelako garrantzitsua zela bertako auzoaren eta jendartearen gerturatze integral bat egitea. Ez zela bakarrik auzoaren arkitektura edo hiri ehuna aztertzea, edo soilik ohiturak edo arrantza lantzea. Aztertu nahi genuen elementu horiek guztiak nola elkar lotuta dauden, eta leku berezi honetan nola mamitu eta definitu diren. Horregatik lanak duen tamaina.
Testigantzak jaso, argazkiak bildu eta dokumentuak ikertu dituzue. Zein izan da hori guztia aztertzeko prozesua?
NARBARTE: Aritz eta biok oso arlo desberdinetatik gatoz. Aritz arkitektoa da, ni arkeologoa, eta beraz, bakoitzak duen ezagutza eta metodoak uztartu egin genituen. Batez ere bi fronte nagusitan lan egin dugu. Alde batetik, artxiboko lana egon da. Hondarribiko Udal Artxiboan eta beste zenbait artxibotan iturri idatziak, argazki zaharrak, mapa zaharrak, margolanak eta bestelakoak bildu genituen, datu-basea ahalik eta zabalena izateko eta hortik ikuspegi bat eraikitzeko. Eta beste frontea izan da auzoan bertan egindako lana. Gaur egun kontserbatzen diren elementu materialen inguruan, auzoaren urbanismoan, edo etxeen ezaugarri arkitektonikoan lan egin dugu. Horiek guztiak aztertu eta artxiboko irudiekin alderatu ditugu.
Lan handia suposatu du horrek?
DIEZ: Lanaren mamia artxiboko erreferentzia guztiak biltzea izan da. Ehunka erreferentzia atera dira. Horiek arakatzea lan handia izan da, bai, baina emaitza interesgarria izan da gauza asko agertu direlako. Gero, Josuk aipatu dituen iturri horiek lortzeko garrantzitsua izan da auzoaren balimetria edo irudi grafiko bat osatzea, auzoa 1904an zegoen bezala irudikatzeko. Horrek denbora eman digu.
Aipatu duzue gauza berriak eta sorpresa ugari topatu dituzuela.
NARBARTE: Ez dakit sorpresa den, baina ondorio nagusia da egiaztatu dugula Hondarribiko Portua auzoa ondare kultural baliotsua dela, bai elementu material aldetik baita alderdi immaterialetik ere. Eta ondare hori, harrigarria badirudi ere, ez dagoela Euskal Kultur Inbentarioan jasota, hiribildu edo baserri asko dauden bezala. Ez arkeologia aldetik, ezta arkitektura aldetik ere. Oso arina da jasota dagoena. Alde horretatik ikusi dugu badagoela lana egiteko.
DIEZ: Gauza konkretuagoren bat aipatzearren, esango nuke auzoaren sorreraren eta garapenaren prozesu guztia dezente ongi zehazteko aukera izan dugula. Orain arte auzoa ulertzen zen gauza homogeneo bat bezala, eta sorpresa handia izan da prozesu hori ondo definitzeko aukera izatea. Arrantzaleen etxeen inguruan, kostaldean berezigarria den tipologia batzuk daudela ikusi dugu, eta XIX. mendean, identitatea sortzeko prozesu horretan, Portuarrak kontzientzia batekin auzotar bezala ulertzen zirela.
Euskal kostaldean gutxi ikertu da itsas ondarearen inguruan. Arkitektura aldetik, adibidez. Zergatik gertatu da hori?
NARBARTE: Hori esan behar nuen. Beste aurkikuntza bat izan da, hain zuzen, identifikatzea badagoela arrantzale arkitektura tradizio bat, badaudela tipologia batzuk, baserritarrekin gertatzen den bezalaxe, eta eredu horiek ikertu daitezkeela. Iruditzen zait ekarpen berritzailea izan dela hori.
DIEZ: Zergatik ez dago inbentariatuta? Beharbada azken mendeetan kostaldeak izan duen gorakada urbanistiko guztiaren eraginez galera asko egon direlako, eta kostaldeko herriak asko desitxuratu direlako, Hondarribia barne. Kontserbatzen diren elementuak aztertzeko adibide gutxiago daude. Eta bestetik, baserriek euskal imaginarioan garrantzia handia izan dute, eta kostaldeko arkitektura horien anai txiki batzuk bezala ulertuak izan dira.
NARBARTE: Lan honek bidea ireki du, eta Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker ikerketa euskal kostaldeko beste hiri batzuetara zabaltzen ari gara. Dagoeneko Algorta eta Pasaia ikertu ditugu.