Kartzelentzako alternatiba feministez arituko dira Erdiguneko Auzo Elkartean
Baladrea eta Salhaketako kideak, Alicia Alonso eta Iune San Millan bertaratuko dira, eta hausnarketa eta elkarrizketa sustatuko dituzte. Ekainaren 4an izango da, 18:00etan.
Korapilatuz elkarteak eta Erletxeak gonbidatuta, Baladreko kidea den Alicia Alonsok eta Salhaketako kidea den Iune San Millanek hitzaldia eskainiko dute: Ba al dago beste aukerarik kartzeletarako? Antipunitibismoaren eta feminismoaren arteko elkarrizketak. Erdiguneko Auzo Elkartean izango da hausnarketa eta elkarrizketa, ekainaren 4ko 18:00etan.
Iaz ere Irunen izan zen Korapilatuz elkartea eta kartzelen alternatiben gaiari heldu zioten. Oraingoan jarraipena eman nahi diote gaiari eta Alonso abokatua gonbidatu dute. Alonso aditua da sistema penitentziarioan eta giza eskubideen aktibista feminista ere bada. Espainiako estatuko, Txileko edota Italiako espetxe sistemak ezagutzen ditu.”Haren begiradak modu konplexuan artikulatzen du espetxe-instituzioari egindako kritika feminista, tradizio abolizionista penalarekin eta espetxeen aurkakoarekin”, azaldu du Korapilatuz elkarteak.
San Millan, berriz, Salhaketa Nafarroa elkarteko kidea eta 1988. urtean elkartea sortu zenetik, babesa ematen ari da preso daudenen familiei. “Elkarte antikarcelario gisa sortu zen, eta urteen poderioz gaur egungora egin du: “Elkartea kartzelen aurka eta punitibismoaren kontra sortu zen, eta urteak pasa ahala, kartzelak eta sistema penala abolitzearen alde egiten dugu, eta, zabalago, zigorraren kultura abolitzearen alde gaude”.