Jardunaldi Internazionalistak, munduaren analisi globalerako
Egun, munduan inoiz baino gatazka gehiago daudela uste dute Lakaxita Gaztetxeko kideek. Testuinguru horretan, Jardunaldi Internazionalistak antolatu dituzte gaurtik ekainaren 15era.
Militantziak eta aktibismoak «krisia» bizi dutela uste du Iñaki Martin Lakaxitako kideak, nahiz eta Palestinarekiko elkartasuna inoiz baino agerikoagoa izan, oraintxe mundu osoan zehar. Hartara, Jardunaldi Internazionalistak antolatu dituzte gaztetxearen lau paretetatik kanpora, «jendeak bizitza egiten duen lekuetan». Munduko gatazkak ekarri nahi dituzte hirira.
Gaur hasi eta ekainaren 15era bitarte, zazpi hitzaldi, bi proiekzio eta erakusketa bat eskainiko dituzte. Jardunaldietarako ateak zabalik izango dituzte Hazia elkarteak, nahiz Aranaztarra eta Larragane ostatuek. Urdanibia plazan eta Lakaxita gaztetxean ere elkartuko dira. Besteak beste, egitarauari errepaso azkar bat eginez, Carlos Taibo Zientzia Politikoen irakaslea gerturatuko da jardunaldietara (ekainaren 13an), baita Euskal Herriko mugimendu antimilitaristako kideak ere (ekainaren 9an). Alba Sotorraren Bizitza ISISaren ostean pelikula ikusteko aukera izanen da ekainaren 6an, eta Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023-k ez du hutsik egingo (bihar, Urdanibia plazan, 21:30ean).
Jardunaldi internazionalistetan oraingo geopolitika izango dute hizpide nagusi, eta Palestina, Sahara, Ukraina, antimilitarismoa eta Irungo Harrera Sarea izango dira protagonistak. Munduan zer gertatzen den jakiteko asmoz prestatu dituzte jardunaldiak, «baina hedabideetatik harago jaso daitekeen informazioarekin», zehaztu du Martinek. Orain munduan «inoiz baino gatazka gehiago» bizi direla esan du Martinek. «Sudan, Yemen, Latinoamerikako kartelen bide berriak, narko-estatuak edota Asia eta bere erregimen autoritarioak», jarri ditu adibide. «Baina gerra Europaren atean dagoela saltzen ari dira soilik. Munduko gatazkak zertan diren azaldu nahi dugu».
Bestalde, munduan gertatzen ari denaren analisi global txiki bat egin nahi dute, Martinen arabera «interpretatu ahal izateko datozen mugimenduak eta erresistentziarako sor daitezkeen kanalak ikusteko». Haren iritziz, Palestinari elkartasun handia erakusten ari da mundua oraintxe, baina aldi berean mendebaldeko gizartea beste aldera begira ari dela salatu du, «aurpegi bikoitza, moral bikoitza erakusten ari da». Horregatik, Europaren politika militarraren gaineko hitzaldia eskainiko du Euskal Herriko mugimendu antimilitaristak. «Segur aski Europako mugimendu antimilitarista indartsuena da Euskal Herrikoa, eta lan oso garrantzitsua egiten ari dira bi aurpegi hauek erakusten. Aste honetan, Espainiako Gobernuak Palestinari estatua aitortu dio, baina bitartean munizioa saltzen segitzen du».
Gainera, Munduko leku bat izenburuko erakusketa ikusgai egongo da Aranaztarra tabernan ekainaren 7an. Europako Batasunak «zentsuratuta eta blokeatuta» duen erakusketa dela salatu du Martinek eta, beraz, ikus-entzunezko formatuan jarriko dute. Erakusketak hiru zati ditu: Palestina, Sahara eta Ukraina; «kurioski», Europak Saharako eta Palestinako partea zentsuratu dituela azaldu du Martinek. «Zentsura horrekin garbi dago Europaren posizioa zein den: moral bikoitza. Ez da ezer berria».