Ibarla inguruan hondakin garbiketa egingo dute
Ihobek Ingurumenaren Mundu Egunaren harira antolaturiko egitasmoa da. Ekainaren 8an Ekoetxea Sareko lau zentroen espazio naturaletan egingo dituzte bilketak.
Ekainaren 5ean da Ingurumenaren Mundu Eguna, eta haren harira hondakin bilketa handi bat antolatu du Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ekoetxea Sareko espazio naturaletan. Sareko lau zentroetan egingo dituzte bilketak: Ekoetxea Urdaibain, Ekoetxea Meatzaldean, Ekoetxea Txingudin eta Ekoetxea Azpeitian.
Ekainaren 8an Txingudi Ekoetxeak, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun-ekin batera koordinatuko du Ibarla zonaldeko garbiketa. Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanita jatetxearen pareko haur parkeraino garbituko dute. Arbesko Errotan karpa bat jarriko dute eta hondakinak biltzeko behar den materiala banatuko dute bertatik: eskularruak, zakuak, pintzak… Hondakinak jaso ondoren (bi orduko iraupena izango du) kontaketa eta sailkapena egingo dituzte, eta egunarekin amaitzeko txikienentzako jolasak egingo dituzte. Gainera, guztientzako hamaiketako bat eskainiko dute.
Ekoetxea Txinguditik egitasmoaren garrantzia nabarmendu dute; izan ere, ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, “lurzorua, ura eta airea kutsatu dezaketenak eta izaki guztiengan eragina izan dezaketenak”. Aldi berean, paisaiak degradatzen eta zenbait inguruneren edertasuna “betirako” kaltetzen dituztela gogorarazi dute. “Zigarro-punta huts batek, adibidez, bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago”.
Gauzak horrela, Ihobek, Ekoetxea Sarearen bidez, herritarrek kontzientzia hartzea eta konponbidean inplikatzea nahi dute, “hitzetatik ekintzetara” pasatuz. Hondakinen garbiketa egiteko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da Ekoetxearen webgunean.