Garaipenen asteburua izan du Santiagotarrak-ek
Beteranoek urrezko domina jantzi dute Bordelen, eta infantilek, berriz, Legution dastatu dute garaipena.
Joan den asteburuan Legutiora joan ziren Santiagotarrak-eko arraun mugikorreko infantilen taldea. Bertan, euskal ontzien bigarren txapelketan hartu zuten parte Unai Martiarenak, Marco Viniegrak eta Thomas Aguadok. Lauko scull infantilean aritu ziren eta irabazi egin zuten haien kategorian.
Legutiokoarekin arraun denboraldia bukatu dute arraun mugikorreko gipuzkoarrek eta euskaldunek. Orain, txapelketa ofizialen denboraldia hasiko da eta lehena bihar da: Gipuzkoako Txapelketa. Hurrena, ekainaren 8an da, Euskadiko Txapelketa. Biak ala biak Legution izango dira.
Bestalde, aurreko asteburuan, hilak 26, beteranoak ere aritu ziren lehian eta irabazleak izan ziren. Lemazaina duen zortziko ontzikoarekin aritu ziren Bordeleko Txapelketa Internazionalean Ignacio Mancisidor, Koldo Laguardia, Joseba Larretxea, Xabier Zubeldia, David Sevine, Antxon Arellano, Alfonso Diaz eta Josu Villafranca, Oier Silanes lemazain lanetan.
Ur lasaietakoak ez dira lasai geratuko asteburu honetan, bihar eta etzi, zehazki. Izan ere, Sevillara joango dira Espainiako Gazte Promesen Sprint Kadeteen Kopara. Bestalde, Eskolarteko Txapelketa ere jokatuko dute gazteenek Pasaian, bihar.