Abotsanitz: "Desinformazioa onartzen badugu, denak balio du"
EAJren oposizioa egiteko modua salatu eta Hondartza Kiroldegiak eskainiko dituen udako ikastaroen prezioekin gertatutakoari argia jarri die Abotsanitzek. Herritarrei, gainera, lasaitasun mezua helarazi diete.
Hondarribiko EAJk azken urtean izan duen oposizioa egiteko modua izan du hizpide gaurkoan Abotsanitzek. Izan ere, 2023ko ekainaren 17an agintean sartu zirenetik astero-astero oposizioko lehen alderdiak “komunikatu erasotzaileak” bidali dituela salatu dute: “Ez da aste bat izan, oposizioko lehen alderdiak aukera baliatu ez duenik komunikatu erasotzaile bat bidaltzeko, gaia edozein dela ere. Eta hor dago gakoa: Edozein gaik balio die. Garbi geratu da edukia edo mamia ez zaiela axola, formak baizik”. Eta oposizioa egiteko modu hori “oinarririk gabea eta erabat erasokorra” izaren ari dela zehaztu dute.
Iragan astean Hondartza Kiroldegiaren udako ikastaroek izango dituzten prezioez kexatu ziren jeltzaleak, horiek “neurrigabeak” zirela esanez. EAJk komunikabideetan esandako horri erantzuteko azken hilabeteetan gertaturikoa “gardentasun osoz” eta “puntuz puntu” azaldu du Abotsanitzek.
Urteetan, hainbat ikastarotan, prezioen “desoreka nabarmen bat” egon dela azaldu dute, “hamarkadetan ezarritako sistema desegoki baten ondorio”. Ikastaro batzuk 0,44 euro orduko tarifa zuten, garestienek 4,75 euro orduko zuten bitartean. Hortik abiatuta, gaur egun zerbitzua kudeatzen duen enpresak proposamen bat helarazi zuela kontatu dute: “Egoerarik erradikalenean, 0,44 euro ordutik 2,25 euro ordurako igoera ematen zen ikastaroko tarifetan”. Beste batzuetan, “egia mahai gainean jartze aldera”, jaitsierak eman direla aipatu dute ere: “Padel edota Cycling ikastaroen kasuan, adibidez”.
Proposamen hori hilaren 2an eraman zuten Hondarribia Lantzen-eko Administrazio Kontseilura. Bertan, alderdi politiko ezberdinek, “EAJ barne”, denbora gutxiegi zegoela argudiatuta erabakia atzeratzea eskatu zuten, “gaia aztertzeko proposamenak egin ahal izateko”. Astebeteren ondoren, hilaren 9an, bilera berri bat egin zuten eta bertan, proposamenak inongo ekarpenik jaso ez zuela azaldu dute. Hortaz, Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk aldeko bozka eman zuten eta EAJk abstentziora jo zuen.
EAJri, erantzukizuna
Azaldutako guzti horren ondoren EAJren “jarrera baldarra” salatu dute, aurkezturiko proposamenekin jeltzaleen helburua “alarmismoa” bilatzea zela iritzita. Aldi berean, gezurra esatea leporatu diete, batzordean desadostasunik adierazi ez eta abstentziora jo zutelako. Gainera, politika batzordeetan egiten dela gogoratu nahi izan diete ere, “proposamenak eginaz eta ez komunikabideen bitartez nahasmena sortuaz”.
Horregatik guztiagatik, EAJri eskatu diote Hondartza kirol eremuko lurren transferentzia has dezala “lehenbailehen”. Izan ere, “Aitor Esteban herrian egon zenetik urtebete igaro da eta egoerak berdin jarraitzen du” erantsi dute.
Amaitzeko herritarrei zuzendu zaie Abotsanitz eta kiroldegiko kuota orokorren igoerari dagokionez lasai egoteko mezua helarazi diete: “kiroldegiko kuota orokorrean ez da igoerarik eman”.