2024ko aurrekontuari 6.439.662 euro gehituko dizkiote
Atzo egin zuten maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatu zen aurrekontu aldaketa, baita Hondarribiko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2023-2027 Plan Estrategikoa ere. Biak ala biak onartu ziren.
Atzo arratsaldean egin zuten maiatzeko udalbatza. Bertan, aurrekontu aldaketa kreditu gehigarri bidez onartzeko proposamena izan zuten bozketagai. Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin proposamena aurrera atera zen. Guztira 6.439.662,07 euro gehituko dizkiote 2024 urterako onartu zuten aurrekontuari.
Aurrekontuari dirua gehitzeko arrazoia proiektu berriak onartu direla izan da. “Horietako batzuk alderdi guztiek partekatzen dituzte, eta beste hainbat dagoeneko martxan daudenak dira” zehaztu zuen Igor Enparan alkateak plenoan. Aurrekontuan islatuta geratu diren proposamen horiek gobernuaren agintaldi planarekin “lerrokatuta” daudela adierazi zuen ere. Gainera, alderdi guztien proposamenak biltzen ahalegindu direla azaldu zuen Enparanek, argi duelako ahalik eta adostasun gehien izatea “garrantzitsua” dela.
Zerrenda luzea da. Proiektu horietako batzuk dira: Eskapatxuloko lurren erosketa, San Nikolas baluarteko lurrak erostea, Arrantzale Auzoa berriritartzeko lanak egitea, komunikazio pantaila bat BAZerako eta herritarrekin komunikazioa errazteko APP bat abian jartzea, Muliateko zubia eguneratzea, Kalbario bideko biziberritze lanak egitea, Alkartasuna eta Santiagotxoko elkarteetan hobekuntza lanak aurrera eramatea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko poste bat eta eguzki plakak jartzea, Zubia zentroarekin hitzarmena sinatzea edota Oztoporik Gabeko Bainua ahalbidetzea.
EAJk abstentziora jo zuen. Jeltzaleek mahai gaineraturiko zenbait zenbait proposamen zerrenda horretan jaso badituzte ere gobernu taldearen negoziatzeko forma deitoratu zuten, eta gobernu taldeari egia ez esatea leporatu zioten: “Aurrekontuak onartu zirenean alkateak ez zuen egia esan, orduan aurrekontu hura historiako altuena zela esan baitzuen, eta orain beste gauza berri asmo sartu batira, orduan esan ez zirenak”.
EH Bilduk proposamenaren alde bozkatu zuen eta aldez aurretik aurkezturiko proposamenak erretiratu egin zituen. PSE-EEk, ordea, abstentzioa bozkatu zuen. Proiektu asko egokiak iruditu arren negoziatzeko formaz kexatu ziren.
Euskara sustatzeko udal barruko plana
Aurrekontu aldaketa onartu ondoren, Hondarribiko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2023-2027 Plan Estrategikoa onartzeko proposamena bozkatu zuten. Abotsanitzek, EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, PSE-EEk kontra.
Martxoan onartu zuten herri mailako proposamena eta atzo udal mailan gauzatzeko planaren txanda izan zen. Haren nondik norakoak azaldu zituen Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
PSE-EEren ustetan udalean euskara eta gaztelania erabili behar dira, nahiz eta euskarak lehentasuna izan behar duen. Hori esanda proposamenarekin desados daudela adierazi zuten: “Lehentasuna euskarari eman nahi diogu, baina eskubide linguistikoak bermatuz”.