Udalerriko hiru eskoletako ikasleek energiaren inguruko lanketa aurkeztu dute udaletxean
Eskola Agenda 2030 udal ordezkari eta ikasleen arteko harreman zuzena ahalbidetzen duen heziketa programa da. Ikastetxe guztiek udalerriko egoera hobetzeko planak diseinatzen dituzte, eta ondoren, landutakoak udal ordezkariei aurkezten dizkiete.
Eskola Agenda 2030 proiektua jasangarritasunaren kultura Euskadiko hezkuntza komunitateetan, eta batez ere, ikasleengan integratzeko eta zabaltzeko hezkuntza programa da. Haren bidez ikastetxe guztiek udalerriko egoera hobetzeko planak diseinatzen dituzte, eta ondoren, udal ordezkariei helarazten dizkiete.
Iragan ostegunean Hondarribiko hiru ikastetxeen txanda izan zen. Ama Guadalupekoa ikastetxeko lehen hezkuntzako, Talaia eskolako lehen eta bigarren hezkuntzako eta Egiluze ikastetxeko haur, lehen, bigarren hezkuntzako zein batxillergoko ikasleak areto nagusian bildu ziren eta ikasturte honetan landutakoak aurkeztu zituzten. Aurten garapen iraunkorreko zazpigarren helburua izan duten ardatz: Energia eskuragarria eta ez kutsagarria.
Igor Enparan alkateak gustu handiz jaso zituen ikasleak eta jakinminez entzun zituen energiaren inguruan landutakoak, haren ustez “jasangarria den udalerria lortzeko denen inplikazioa ezinbestekoa” delako.
Ikasleen proposamenak entzun ondoren, Garoa Lekuona ingurumen zinegotziak 2024an udalak gauzatuko dituen ekintzen berri eman zuen. Hala nola, “udal eraikinen kontsumoa bateratzen duen plataformako datuak udal web orrian jartzea; udal eraikinetan jarri daitezkeen eguzki plaken bitartez udalak energia berriztagarria sortzeko duen ahalmena kalkulatzea; ibilgailu elektrikoentzako karga puntu bat ezartzea, edota kiroldegian eguzki panelak jartzea”.
Saioa amaitzeko, bi konpromiso hartu zituen Lekuonak: Ikasleek sortutako kartel zein infografiak Hondarribiko Udal webgunean, Energia sailean, eskuragarri ipintzea, eta euskarri guztiekin erakusketa bat sortzea.