Itsas proban, Amonan Xalda Berua nagusi
Goizean baltsak muntatu zituzten, eta arratsaldean Puntaletik Kai Zaharreko hondartza txikiraino heltzea zen erronka. Proba baltsa osoki desmuntatu eta materiala zakarrontzira botatzean amaitzen zen.
Mamia izan zuen iragan larunbateko Itsas probak. Beno, mamia baino gehiago irina eta arrautzak izan zituela esatea litzateke aproposago.
Goiz goizetik jarri ziren martxan Hondarribiko Olinpiadetako taldeak. Puntala auzoan eraiki zituzten arratsaldean erabili beharko zituzten baltsak. Talde guztiek beren materiala eramateko ardura zuten eta antolatzaileek airezko lau poltsa puzgarri banatu zizkieten. 11:00etatik 16:00etara bost ordu izan zuten guztia prest uzteko. Tarte horretan proba gehigarri bat burutu behar izan zuten: galdera sorta bat erantzutea. Probaren amaieran galderetan ateratako puntuaketa erabakigarria izan zen.
Bazkaltzeko tarte bat hartu eta arratsaldean 17:00etan egin zuten hitzordua. Talde guztiak binaka irten ziren Puntaleko bigarren arranplatik hurrengo hurrenkeran: Hori itzasua/Jubiletak; Erdi fanak/Tximista; Berberinak/Esekitokiak; Atletik Klub Txiplau; Faki ta faki/Txikhotia; Etxekhois/Eruak heldu ttuk; Durum mixtua/Xerinkeneko erliak; Ur karruxa/Xibaritak; Josu Belea/Hau komeriya; Arroja/Amonan xalda berua; Taketeko/Kai zarrian kixkaliak. Uretan zeuden bitartean irina eta arrautzak eraman zitzaketen elkarri botatzeko, eta zenbaitek zuri-zuri amaitu zuten. Denbora onena Berberiñak taldeak egin zuen. 23,53 minutu behar izan zituzten Kai Zaharreko hondartzara heltzeko, baltsa desmuntatzeko eta zaborra zakarrontzian sartzeko.
Proba, baina, ez zuen Puntaletik Kai Zaharreko hondartza txikira heltzen zen lehenak irabazten. Kalean topatutako turista batzuei hiru denbora esateko eskatu zieten antolatzaileek: Lehenak, 33,33 esan zuen; bigarrenak, 55,55; eta hirugarrenak, 1:22:22. Denbora horiei gehien hurbiltzen zitzaizkien taldeek lortuko zituzten puntu gehien. Ondoren, lehenengo denboratik gertuen zegoen taldearen hurrenkeraren arabera banatu zituzten puntuak. Azkenik, puntu horiei goizeko galderen proban lortutakoak batu zizkieten.
Egun osoko jardunaldiaren ondoren, 26,6 punturekin, Amonan Xalda Berua taldeak lortu zuen garaipena. Bigarren Jubiletak izan ziren, 23,4 punturekin, eta hirugarren Txihotia taldea, 23 punturekin. Amonan Xalda Berua taldeak aurten eskuratu duen lehen garaipena izan zen arren, gainontzeko probetan oso postu onean geratu izan dira, eta hargatik, sailkapen orokorrean bigarren postuan dira, Faki ta Faki taldearen atzetik. Podiuma Atletik Klub Txiplauk osatzen du, behin behinean.
Hona hemen eguneko zenbait argazki (zenbait Olinpiadetako Komiteak ateratakoak):