3.610 euro bildu ditu Klink-ek Nepaldala GKEarentzat
Iragan larunbatean 80 pertsona baino gehiago bildu ziren Klink elkarteak antolatzen duen bazkari solidarioan.
Urtero-urtero hainbat bazkari egiten ditu Klink elkarteak eskualdeko GKEak diruz laguntzeko. Iragan larunbatean (hilak 25) egin zuten bazkari horietako bat. 80 lagun baina gehiago bildu ziren Nepaldala GKEaren aldeko bazkari solidario horretan.
Nepaldalako ordezkariak (Miren Beroz, Aitziber Alza eta Olatz Lasa) Meakako Adiskideak-ek dantzatutako ohorezko aurresku batekin jaso zituzten. Ondoren zozketa solidarioa egin zuten eta inoiz baino opari gehiago zozketatu zituzten: taladro bat, liburuak, akuarelak, telebista, Endaneako lore sorta bat… Eguneko unerik zirraragarriena, ordea, jasotako diruaren banaketa izan zen. Nepaldalako hiru ordezkariek 3.610 euroko txartela jaso zuten, eta esker ona adierazteko Nepalen dituzten proiektuen nondik norakoak azaldu zituzten, bideo eta guzti.
Eguna amaitzeko eskerrak eman zizkieten Done Pedro Arrantzaleen Kofradiari, Sport Mundiri eta Klink-eko bolondres guztiei. Hurrengo bazkari solidarioa uztailaren 13an izango da. Egun horretan Aurreratu GKEa izango da protagonista.