Txokolate jate solidarioa, 1 motako diabetesaren gaineko ikerketan sakontzeko
Zumardikoak elkarteak Mi Dulce Guerrero elkartearekin batera antolatu du txokolate jatea gaitzaren gaineko sentsibilizazioa landu eta ikerketarako dirua biltzeko.
Ikerketa da gakoa gaitz askori aurre egiteko, zer esanik ez, sendabiderik ez dutenean. Hori da 1 motako diabetesaren kasua, eta ikerketa ez etetea gako dela dio Mi Dulce Guerrero elkarteak. Irungo elkarte horrek 1 motako diabetesa duten haurren gurasoak biltzen ditu, eta elkarte hori bera eta Zumardikoak elkartea dira larunbatean (hilak 25) Hondarribian egingo den txokolate jatearen antolatzaileak.
Elkartasun ekitaldia da, eta helburu zehatza du, gaixotasunaren gainean sentsibilizazioa lantzea herritarren artean informazioa zabalduta, eta ikerketarako dirua biltzea, “sendabide aurkitzeko ezinbestekoa da ikertzea”.
Txokolatea ez da faltako, baina harago doa larunbateko ekitaldi solidario hori, eta umeentzako tailerrak, musika emanaldiak, globoflexia, eta Berto Magoaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da 17:00etatik aurrera. Txokolatea eta bizkotxoa Kai Alde eta Hawaii gozotegiek eskainiko dute.
Helburua diru ahalik eta gehien biltzea denez, zozketa solidarioa ere antolatu dute. Hainbat eragilek egin dute bat zozketa horretarako opariak eskainiz. Hala, Hondarribia Arraun Elkarteak, klubeko hiru kamiseta eman ditu zozketarako; Hondarribiko Federoptikoak, eguzkitako betaurrekoak; Larra jatetxeak, bi lagunentzako bazkaria edo afaria; eta Batzoki jatetxeak, bi lagunentzako bazkaria edo afaria.
Zozketarako txartelak salgai daude euro batean Hondarribiko Batzokian, eta sarien zozketa larunbatean bertan egingo da.
Mi Dulce Guerrero elkarteak, halaber, elkartearen materiala saltzeko postua jarriko du.
Zumardikoak elkarteak eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu duten eragile guztiei: Hondarribia Arraun Elkartea, Federopticos Hondarribia, Berto Magoa, Baque kafeak, Brioche Pasquier, Larra jatetxea, Batzoki jatetxea, Kai alde gozotegia, eta Hawaii gozotegia.
Gaixotasunarekin bizitzea, nekeza
1 motako diabetesaren bueltan sortutako elkarteak esker ona azaldu du Zumardikoak emandako aukeraren harira, “gaixotasuna gizarteratzeko, eta gure elkarteari ikusgarritasuna emateko aukera eskaini digute”. Gaixotasunaren gainekoak ere azaldu dituzte: “Intsulina jariatzen duten zelulei eraso egiten die gorputzak eta suntsitu, gaixotasun autoimmunea da”.
Gaixotasunari aurre egiteko 10 eta 12 aldi artean ziztatu behar dute intsulina, eta horrekin batera egun osoan zaintza jarraitua egin odolean den glukosaren maila egokia dela ziurtatzeko. Horrekin batera, elikadura, kirola, emozioak, hormonak eta eguraldia bera ere kontrolatu beharra dute, guztiek eragiten baitiete. Horiek guztiak kontuan izanda ere ez dela batere erraza azukre igoera eta jaitsierak kontrolatzea azaldu dute Mi Dulce Guerrero elkarteko kideek. Hori horrela, “nekeza” dela oso gaixotasunarekin bizitzea nabarmen jarri dute.
Aurre egiteko bide bat, ikerketa da, “horren bidez gaixotasun honentzat sendabide bat aurkitzeko. Biltzen dugun diru guztia, ikerketara bideratzen dugu. Elkartea duela bi urte martxan jarri genuenetik, 27.000 euro bildu ditugu, eta zuzen-zuzenean bideratu dizkiegu ikertzaileei”.
Bukatzeko, eskerrak eman dizkiete berriro larunbateko ekitaldia antolatzen lagun izan dituzten guztiei, “garrantzitsua da ikertzen jarraitzea, gure seme-alabek aurretik zuten bizimodu bera izan dezaten. Ikertzea sendatzea da”.