Manu Goiogana, Gipuzkoa Bertsotan-en aurrera
Bigarren faseko saioa ekainaren 1ean izango du irundarrak, Elgetan. Fase horretako 34 onenen artean bada, Gipuzkoako Txapelketara pasako da Goiogana.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketaren bigarren fasera sailkatu da Manu Goiogana Bengoetxea. Bertsolaritza lehia horren barruko lehen faseko saioa hilaren 2an izan zuen, Zaldibian. Han lortutako 318,5 puntuengatik, B multzoko 11. izan da Irunabarreko kidea, eta horregatik pasa da bigarren fasera. Igauri Lopetegi Amostegik, berriz, ezin izan du aurrera egin.
Gipuzkoa Bertsotan, udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkatze fase antzekoa da. Hala, 74 bertsolarik hasi zuten lehen faseko bidea, eta A eta B multzoetako sailkapenen araberako 48k egin dute bigarren fasera aurrera. Orain, bigarren txandaren barruan zortzi saio egingo dituzte, eta horietan onenen diren 34 bertsolariek lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. Gipuzkoan Bertsotan-etik aurrera egingo duten horiek, azken Gipuzkoako Txapelketan (2019an izan zen) finalerdietan izan zirenekin egingo dute bat udazkeneko herrialdeko txapelketa nagusian.
Bigarren faseko saioa ekainaren 1ean jokatuko du irundarrak, 17:00etan, Elgetako Espaloia kafe antzokian. Harekin batera Aitor Salegi Martija (Zestoa), Andoni Rekondo Izagirrre (Hernani), Beñat Jauregi Etxeberria (Zarautz)m Julene Iturbe Epelde (Azkoitia) eta Urko Arregi Markuleta (Oñati) izango dira oholtzan.