'Irungo tortilla' deituriko errezeta mantendu nahi dute
Ekainaren 16an, Irungo Tortillaren I. Lehiaketa Mundiala egingo dute San Juan plazan. Hiriko errezeta berreskuratu eta mantendu nahi dute.
Irunen tortilla kozinatzeko modu propioa jaso zuen Ignacio Domenechek Euskal Sukaldaritza (La Cocina Vasca) liburuan. 1910. urtean izan zen hori, eta Alde Zaharreko Auzo Elkarteak adierazi duenez, errezeta hau galtzeko zorian dago. Horregatik, Irungo Tortillaren I. Lehiaketa Mundiala antolatu dute ekainaren 16rako, 11:00etatik 13:00etara, San Juan plazan.
Errezetak denboran irautea dute asmo eta Irungo platerik “tradizionalena” izatea. Lehiaketan, gehienez, 20 pertsonek ahalko dute hartu parte eta ekainaren 9a baino lehen eman beharko dute izena, iluntzeko 21:30ak baino lehen. Horretarako, parte hartzaileek haien izen-abizenak eta harremanetan jartzeko kontakturen bat bidali beharko dute, mezu elektroniko batekin.
Errezeta
Urte askotan Irungo tortillaren errezeta nahastu egin izan dute Urdanibia plazan zegoen Irureta jatetxeko tortillarekin. Bertakoari otarrainxkak gehitzen zizkioten eta Iruretako Tortilla bezala zen ezaguna.
Dena den, Irungo errezeta beste bat da eta hori da ekainaren 16an baloratuko dena. Txapelketarako osagaiak sukaldari bakoitzak eraman beharko ditu, eta lau pertsonentzako errezeta tradizionala honako hau da:
- 8 arrautza, 100 gr.
- Baionako urdaiazpikoa.
- 100 gr. onddo edo perretxiko (txanpiñoiak ere izan daitezke).
- 3 piper gorri.
- Txerri-gantza, (olioz ordezkatua)
- Perrexil fresko xehatua.
- Gatza.
- Zerbitzatu tortilla egin berria eta ogi frijituzko zarakarrez apaindua tortillaren inguruan, triangelutan moztuta.