III. Iñigo Muguruza beka eska daiteke
Euskal musika modernoaren inguruko ikerketa proiektuak sustatzeko beka da eta ekainaren 15era arte egin daiteke eskaera.
Argitaratu dituzte Iñigo Muguruza bekaren hirugarren edizioaren oinarriak. Irungo Udalaren diru laguntza bat da eta euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoaren inguruko ikerketa sustatzea du helburu. Bi urtean behin banatzen da.
Bekaren izenarekin Iñigo Muguruza musikari, konpositore eta Irungo Udal Musika Eskolako irakasle gisa egin zuen “lan handia” nabarmendu nahi dutela azaldu du Nuria Alzaga Kultura ordezkariak.
Diru laguntza 9.000 eurokoa da eta hura jasotzen duen musikariak zortzi hilabetetan burutu beharko du ikerlana. Entregatu daitezkeen formatuak hainbat modukoak izan daitezke: proiektua bera, prozesua edota ekintzaren bat (dibulgazio materiala, lankidetza prozesua, partaidetza bidezkoa…).
Proposamenak ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira Irungo Udalaren orrialdean, bertan topa daitezkeen material eta inprimaki guztiak beteta.