Euskal Ligan debut itzela Biok Txingudirena
Bukatu da Euskal Liga eta txapeldunorde izendatu dira bidasotarrak, Sarako Izarren aurka joko gogorra jaso ondoren.
Euskal Ligaren B multzoan jokatu dute Biok Txingudiko neskek eta asteburu honetan bukatu dute liga. Sarako Izarra taldearen zelaira joan dira eta joko gogorra izan dute aurrean. Izan ere, 43 eta 12 galdu dute bidasotarrek.
Asier Gonzalezn entrenatzaileak azaldu du “argi” zegoela lehia “intentsitate eta indar guztiekin” hasi behar zutela. Bide horretan, lehenengo minutuetan Txingudi izan da baloiaren jabe Animaineako errugbi zelaian. 13. minutuan, aurrelariek defentsak gelditutako hainbat pick and go egin ondoren, Lea Etxebarrietak baloia hagen artean uztea lortu du (0-5).
Minutu batzuk geroago, Sarakoak izan dira markagailua mugitu dutenak entsegu eraldatu batekin (7-5) eta Zumendi Carok aldi baterako kaleratzea jaso zuen egindako plakaketa arriskutsu baten ondorioz.
Atsedenaldira arteko minutuetan, jokoaren gogortasuna eta intentsitateak gora egin zuen, baina markagailuan ez zen mugimendurik izan. Lehenengo zatiko azkenengo minutuan, Paola Vegak iparraldekoen akats bat aprobetxatu du baloia ostikoka entsegu-eremuraino eraman eta marka egiteko. Enara Arrutik eraldaketa sartu du 7 eta 12koa jarriz markagailuan.
Bigarren zatiaren lehenengo minutuetan jokoak ildo beretik jarraitu du, defentsa gogorrarekin, fase estatiko askorekin eta, orokorrean, agresibitate handiko jokoarekin.
50. minutuan, Sarakoek markagailua berdindu dute entsegu batekin (12-12) eta, sei minutu geroago, aurrea hartu dute Onintza Burgeraren kanporatzearekin batera iritsi den zigor-entsegu baten bidez (19-12). Hortik aurrera, Txingudiren jokoa desantolatzen joan da eta zuloak sortu dira defentsan. Saratarrek aukerak aprobetxatu dituzte markagailuan aldea handitzeko lau entsegu eta bi eraldaketa eginez (43-12).
Emaitza honekin, B multzoko bigarren postuan bukatu du liga Biok Txingudik bere debutean. 17 partida jokatu dituzte, 8 irabazita, 9 galduta, 340 puntu eta 54 entsegu lortuz eta 464 puntu eta 76 entsegu jasoz amaitu dute aurtengo parte-hartzea Irun eta Hondarribikoek
Ligako azkeneko hamabostekoan Saioa Gartzia, Gaia Morris, Zumendi Caro, Lupe Pescador, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Irati Lazkano, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Paola Vega, Ainara Varela, Jessica Gomez, Onintza Burgera, Maier Aia eta Aitana Garrido aritu dira. Lucia Duran, Yaiza Garcia eta Leizuri Pinaga aulkian hasi dute partida eta Irene Goenagak ezin izan du jokatu beroketan izandako lesio batengatik. Epailea Juan Luis Díaz Peña izan da.