Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen sarearen IV. Argazki Lehiaketa, martxan
Ekainaren 16ra bitarte bidali ahal izango dira sarea osatzen duten hiribilduen monumentu historikoak protagonista dituzten argazkiak.
Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen sareak IV. Argazki Lehiaketa antolatu du. Sarea osatzen duten zazpi hiribilduak ezagutzera emateko (Siguenza, Hondarribia, Lizarra, Jerez de los Caballeros, Guardia, Marvao eta Almazan) antolatzen duten lehiaketa da. Aurten hiribildu horietako monumentu historikoen argazkiak dira parte hartzaileek bidali beharko dituztenak.
Lehiaketa honetan parte hartzeko modua Instagram sare soziala erabilita izango da. Argazki bat igotzean #concursoFotoRed traola erabili beharko dute, @villasmedievales etiketatu eta jarraitu, eta perfil publikoa izan beharko dute parte hartzaileek. Bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak, gainera, originalak izan beharko dute; hau da, ezin dira aurretik beste lehiaketa batean aurkeztuak izan diren argazkiak aurkeztu. 18 urtetik goragokoek parte hartu ahal izango dute.
Lehiaketa zabalik dago jada, eta ekainaren 16ra bitarte parte hartu ahal izango da. Epaimahaiak, berriz, 17tik 21era begiztatuko ditu argazkiak eta hiru onenak hautatuko dituzte. Sariak honakoak dira: Lehen sariak gau bat, gosari bat eta bazkari edo afari bat 2 pertsonentzako eta sareko hiribildu horietako batean bisita gidatu bat barnebiltzen ditu. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, hiribildu horietako produktu gastronomikoen saski bat izango dira.
Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen sareak mezu zuzen bidez kontaktatuko du irabazleekin. Saridunek hilabeteko epea izango dute antolatzaileekin harremanetan jartzeko eta haien irizpideak jarraitzeko.