Ondo bidean, ekainean irekiko dute Higerreko bideko lehen erraia
Gipuzkoako Foru Aldundiak agerraldia egin du GI-3361 errepidean. Martxoko luiziak eragindako kalteak konpontzeko lanen berri eman dute.
Gipuzkoako Foru aldundiak prentsa agerraldia egin du gaur goizean Hondarribian, Higerreko bidea egiten duen GI-3361 errepidean. Izan ere, Martxo hasieran luizia gertatu zen Jaizkibelen magalean, eta errepidea itxi behar izan zuten. Gaur, hortaz, Maria Ubarretxena foru aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak luiziak eragindako kaltea konpontzeko lanak bisitatu ditu, baita konponketen aurreikuspenak argitu ere.
Lanak ondo bidean, errepidearen lehen erraia ekain amaierarako irekitzea aurreikusten dute. Ordurako, kaltetutako ezpondaren euste-lanen zati handiena bukatzea espero dute. Hilabete beranduago, uztail amaieran, bi noranzkoetan ireki nahi dute errepidea. Emergentziazko lan hauetan 1.000.000 euro inguru inbertituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ubarretxenak hitza hartu duenean, ziurtatu du “martxa onean” doazela ingurua segurtatu eta errepidea berriz zerbitzuan jartzeko lanak. Are, “inguruaren segurtasuna bermatzeko” azterketa lanak ere egiten ari dituztela azaldu du: “errepidea garbi, kaltetutako tartearen zorua berrituta eta segurtasun neurri berriekin irekita egongo da udan”.
Lurren mugimendua eta euste lanak
Martxo hasierako denboraleek eraginda, luizia gertatu zen asteetan lur mugimendu handia egon zen inguruan. Diputatuaren arabera, “kalkulatzen da luiziak 3.300 metro kubiko lur desplazatu zituela, hainbat tonatako harritzarrarekin batera”. Lanetan, ondorioz, material guzti hori mugitu eta haitz handiak txikitu nahiz erretiratzen dabiltza. Gaur gaurkoz, herena mugitu dute, gutxi gorabehera.
Euste lanei dagokienean, kaltetutako ezponda ainguratzeko, sare batek estaliko du. Bestela ere, euste-horma bat eraikiko da errepidearen aldamenean. Euste lanak amaituta, azken hilabetean hainbat garbiketa eta konponketa lan egingo dituztela aurreratu du Ubarretxenak.