Gaintxurizketa eta Hendaia artean toporik ez asteburuan
Irungo Katea auzoko pasabidea eraitsi behar dutelako izango da etena. Autobus zerbitzua egokituko du Euskotrenek.
Eusko Trenbide Sareak (ETS) eta Euskotrenek iragarri dute hilaren 18an eta 19an (larunbatean eta igandean), topoaren bidea etengo dutela Gaintxurizketa eta Hendaia artean. Ez da toporik ibiliko, Irungo Katea auzoko errepide gaineko pasabidea eraitsi behar dutelako, Adif egiten ari den lanen harira (AHTa egiteko lanak dira Adifenak, hirugarren burdinbidea eraikitzekoak zehazki). Hau da, Donostia-Oiartzun bidea (eta alderantziz) egin ahal izango dute topoek asteburuetako ohiko ordutegiarekin; Gaintxurizketa, Irun edo Hendaia aldera ezin izango da joan.
Etena nolabait lausotzeko, autobusak prestatuko dituzte Gaintxurizketa eta Hendaia artean. Honakoak dira autobus horien geltokiak:
- Gaintxurizketatik Hendaiara, eta Hendaiatik Gaintxurizketara joateko (han Donostiaranzko topoa har daiteke)
- Gaintxurizketako topoaren geltoki ondoan, Rey altzari dendan.
- Irungo Katea auzoan, bus geltokian.
- Irungo Belaskoenean, topo geltokiaren ondoan.
- Irungo Kolon pasealekuan.
- Irungo Ficobako biribilgunean.
- Hendaiako autobus geltokian.