Igauri Lopetegi Amostegi, seigarren Idiazabalen
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketako Idiazabalgo saioan izan zen bertsotan irundarra. Ez da bigarren fasera pasako.
Gipuzkoa Bertsotan lehiaketaren barruko saioa izan zuen Igauri Lopetegi Amostegi bertsolari irundarrak hilaren 9an, Idiazabelen. Seigarren izan zen, 283 punturekin. Saio hori Aner Peritz Materola zarauztarra izan zen garaile (332 puntu), eta bigarren postuari Eli Pagola Apezetxea hernaniarrak (323 puntu) eutsi zion.
Gipuzkoa Bertsotan udaberrian zehar egingo da, eta udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen aro antzekoa da, bi fasekoa. Hala, lehen fasean 74 bertsolari hasi dira bertsotan, bigarrenerako 48 sailkatuko dira, eta handik 36 aterako dira udazkenean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarekin bat egiteko: orduan izango dituzte zain 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietara iritsi ziren bertsolariak.
Emaitza horrekin Gipuzkoa Bertsotan-en A multzoko 33. postuan da irundarra; B multzoan 25 dira jada hark baino puntuazio hobea eskuratu duten bertsolariak (Bko saio bat egiteke da oraindik). Beraz, konfirma daiteke udaberriko Gipuzkoakoaren atarikoaren bigarren fasera ez dela sailkatu Lopetegi, 48koa baita han izango direnen zerrenda.