Basakeria eteteko eskatu dute
Humanitatearen krimenaren aurrean ez direla konplizeak izango esan dute gaur hamarnaka herritarrek Gernika Palestina Deialdi Herritarrak deitutako elkarretaratzeetan.
Euskal Herriko berrogeita hamar herri baino gehiagok egin du bat Gernika Palestinak Deialdi Herritarrak gaurko deitu dituen elkarretaratzeekin. Bide horretatik egin dute Hondarribian eta Irunen, eta plazara atera dira Gazaren kontrako genozidioa eteteko eskatzeko. Atzera begira jarri dira mobilizazioaren deitzaileak gogora ekartzeko, Gernikak jakin badakiela zer den basakeria: “Palestinarrena da orain historiatik erauzi nahi duten herria. Palestina da orain beste basakeri baten protagonista. Apenas imajinatu dezakegun beste horrore batekin desagerrarazi nahi duten herria”.
Israel Palestina egiten ari denari izena jarri diote, “genozidioa”, eta horri, okupazioa ere gehitu diote herrialdeak hamarkada luzeetan bizi duen egoerari erreferentzia eginez: “Soldadurik ez duen herria soldaduekin erasotzeari ez diogu gerra deituko. Herriari bere ospitaleak kentzeari, bere unibertsitateak suntsitzeari, bere haurren eskolak eta bere haurrak desagerrarazteari ez diogu zibilizazioa deituko, ez dugu defentsarako eskubidearen izenean onartuko, ez dugu engainu horretan parte hartuko, ez dugu palestinarren herria iruzurraren eta engainuaren aurrean entregatuko”.
Israel definitzerakoan ere argi mintzatu dira gaurko protestetan, “estatu kriminal” deitu diote eta argi utzi dute ez direla haren konplize izango, “ezta ere estatu horren konplizeak diren beste estatu guztiak bezain kriminalak”. Konpromiso argia ere erakutsi dute Palestinarren genozidioari aurre egiteko.
Rafah, Gaza, Palestina… Herri bat ari da laguntza eskatzen, eta horrekin lotuta datozen asteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritar guzti-guztiak. Elkartasuna Palestinari, bukatzeko, baita haren alde, munduan zehar #StudentForGaza dinamikan ari direnentzat, eta Euskal Herrian, besteak beste, astelehenean Palestinaren alde greba kalera aterako diren ikasleentzat.
Hondarribikoa, herritar batek HITZAra helarazitakoa argazkia da. Irungoa, berriz Irungo Sortuk sare sozialen bidez zabaldutakoa da.