Eskualdeko hiri autobusen gidariek greba egunak deitu dituzte maiatzean
AUIF enpresako 40 beharginek eros ahalmena eta segurtasun neurriak bermatzea, eta urteroko lanaldia murriztea dituzte helburu. Greba egunak hilaren 13, 20, 27 eta 31 izango dira.
Maiatzaren 13 (datorren astelehena), 20, 27, eta 31rako AUIF Irun eta Hondarribiko hiri autobusen enpresako langileek greba deitu dute. Lan plantillako 40 langileek hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte, lan baldintzak eta zerbitzua bera hobetze aldera: urtero langileen erosteko ahalmena bermatzea nahi dute, KPIaren igoerarekin parekatuz soldata; urteroko lanaldia 1.592 ordura murriztea eskatu dute, eta lanaldian zehar bizi dituzten segurtasun arazoei irtenbidea bilatzea.
Greba deialdia ELA sindikatuaren babespean egingo dute, eta honezkero hainbatetan bildu da enpresa eta Irungo Udalarekin. Jakinarazi duenaren arabera, enpresa prest agertu da KPIaren igoera parekatzeko, baina lanaldia 35 ordura murriztea udalaren esku utzi du. Gaur gaurkoz, ez dago horren berririk. Ordea, Irunen azpikontratatzen diren hainbat zerbitzu publikoetan indarrean dago jada neurria (garbiketan, liburutegian, lorezaintzan, etab.). Kasu honetan ere, sindikatuak adierazi du 35 orduko lanaldiak kontziliazioa erraztu eta enplegua sortuko lituzkeela. Bestela, langileen aurkako erasoak “areagotu” direla adierazi dute, eta segurtasuna bermatze aldera protokoloak indartzea beharrezkoa dela.
Hori guztia dela eta, greba egunak deitu dituzte aipatu egunetarako. Datorren astelehenean, hilaren 13an, beharginek autokarabana egingo dute Irunen goizean zehar, eta elkarretaratzera deitu dute 13:00an, San Juan plazan, udaletxearen aurrean.