Herri inklusibo baten bidean aurrera egiteko, Hondarribia Baltsan
Hilaren 19an egingo da Hondarribia Baltsan; herriko kirol elkarte eta kirolariak Atzegiko kirolariekin batuko dituen herri ekimena.
Gaur goizean aurkeztu dute Hondarribia Baltsan herri ekimena. Mahai baten bueltan bildu dira Josu Peña Gizarte alorreko zinegotzia, Susana Velasko Atzegi elkarteko arduraduna, eta Naiara Oronoz eta Mikel Fiz Atzegiko kideak.
Hondarribia Baltsan herritarren eskaera batetik sortu zen, eta horri esker, hilaren 19an Hondarribiko zenbait klubetako kirolariak Atzegiko kirolariekin batera elkartuko dira futbolean, arraunean, palan, stand up paddleen edota mendian ibiltzeko. Udalarentzat ekimen hau sortu izana “oso pozgarria” dela azaldu du Josu Peña Gizarte zerbitzuetako zinegotziak, “betidanik defendatu dugulako herriaren saretzea eta herriko elkarlana”. Horregatik, helburu horri jarraiki, ekimen hau “herri inklusibo horretan bidea egitea” ahalbidetuko duela gaineratu du zinegotziak. Honako elkarteek parte hartuko dute ekimenean: Hondarribia Arraun elkarteak, HS2-k, Hondarribia Pilota Eskolak, Hondarribia Futbol elkarteak, Emeki elkarteko palista taldeak eta Irungo Erlaitz Mendi elkarteak.
Atzegi Gipuzkoako elkarte bat da, adimen desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea ahalbidetzen duena, eta elkarteko ordezkari gisa aritu den Susana Velascoren esanetan kirola da pertsonak gizarteratzeko modu horietako bat: “Kirola denok egin dezakegun zerbait da. Aisia oso garrantzitsua da guztiontzako, eta jardunaldi honek Hondarribiko kirolari eta elkarteak batzea ahalbidetuko du, aukera emanez [Atzegiko kideei] beren interes edo afizio bera duten pertsonekin egiteko”. Velascok azaldu duenez ibilketa taldea da Atzegin jende gehien biltzen duen taldea, futbol taldearekin batera. Horietan parte hartzen dute Naiara Oronoz eta Martin Fiz hondarribiarrek. “Naiarari asko gustatzen zaio ibiltzea eta Mikelek Atzegin jokatzen du, baina baita Realeko Genuine ligan ere” azaldu du Velascok. Azkenik, herriko kirol elkarte guztiei zein udalari egin duten lana eskertu die, “beraiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako jardunaldi hau gauzatzea”.
Hilaren 19ko antolaketa
Atzegiko kirolariak goizeko 09:00etarako helduko dira herrira eta aldez aurretik egindako zerrenda bati jarraiki norberari dagokion elkartera abiatuko dira zuzenean. 10:00etan hasiko dituzte ekintzak eta eguerdiko 13:00ak arte arituko dira horietan buru belarri. Ondoren, egunari amaiera polit bat emateko bazkari bat egingo dute.
Dagoeneko Atzegiko 150 lagunek izena eman dute, eta herriko klubetako parte hartzea antzekoa izatea espero dutenez, 300 lagunetik gora biltzea espero dutela esan du Peñak. Eguna ondo aterako balitz, etorkizunera begira jarraipena ematea asmo dutela adierazi du ere. Honakoa proba pilotua izango da eta horretarako, herrian “erreferentziazkoak” ziren kirolak hautatu dituzte. Kontziente dira, halaber, herrian beste kirol elkarte batzuk daudela. Haatik, “ondo ateratzen bada datozen urteetan zergatik ez gehiago hazi” esanez amaitu du Peñak.