Gaztainondo kaleko igogailua martxan dago
Igogailuarekin batera espaloia zabaldu dute, eta puntu beltz bat "desagerrarazi". Eskaileren horma batean, mural bat marraztu dute.
Gaur aurkeztu du Cristina Laborda alkateak Gaztainondo kaleko igogailu berria. 20 pertsonentzako lekua dauka eta irisgarritasuna hobetzeko “aurrerapauso” handitzat jo du Labordak. Harekin batera izan da Borja Olazabal Obretako eta Mugikortasuneko ordezkaria.
Egungo irisgarritasuna hobetzeaz gain, etorkizunean “funtsezkoa” izango dela ziur da alkatea. Izan ere, bertan eraikitzen ari dira tren eta autobus geltoki berria eta, beraz, “puzzlearen lehenbiziko pieza handia” jarrita dagoela dio Labordak. “Gaur inauguratzen ari garen igogailuak tren geltokira eta Vía Irunera eramango du, zuzenean. Une polit bat bizitzen ari gara Irungo auzo honetan, ilusioz betea”.
Horrez gain, igogailuaren diseinua idazterakoan, inguru hori puntu beltza dela izan dute aintzat, eta, beraz, puntu beltz hori “desagerrarazi” dela baieztatu du alkateak. “Generoaren ikuspegia ere hartu da kontuan ingurua planifikatu eta diseinatzeko, eta hiriko puntu beltz bat desagerrarazi da”.
Igogailua, orain arte eskailerak soilik zeuden zati batean eraiki dute. Eskailerak mantendu egin dituzte, eta haren horma bakarrean (Adifena da), horma irudi bat sortu dute Arte y Muralismo enpresari enkargatuta. Irungo tren geltokiaren eta Santiago zubiaren bi argazki historikoetan oinarritutako mural bat da, “bertako biztanleengan izan duen garrantzia” nabarmentzen duena.
Eskailerak, gainera, berritu egin dituzte ere eta konfigurazioa apur bat aldatu. Hala, trenbideen plataformako hormaren trazatua jarraitu dute, eta ahal bezainbeste handitu dute eskaileren zabalera.
Ondoan dagoen Haltza kaleko espaloia handitu eta zolaberritu egin dute lan hauekin ere. Hain zuzen, 8 eta 14 zenbakiko atarien artean ilaran aparkatzeko plazak kendu dituzte eta 2,80 metro ahal izan dute zabaldu espaloia, eta bidea, berriz, 4,65 metro zabal inguru, aurretik zegoen bezala.
Argiztapen instalazio osoa berritu dute, eta ura hornitzeko sarean eta berdeguneko landareetan ere egin dituzte lanak. Obren arduraduna Obras Especiales enpresa izan da eta 880.583,71 euroko aurrekontua erabili dute, zortzi hilabetean.