Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute Hondarribiko Liburutegian
XX. mendearen bigarren erdiko euskal artearen berritzaile nagusietako bat izan zen Basterretxea. Jaiotzez bermeotarra, Hondarribian zendu zen 2014an.
Nestor Basterretxea XX. mendearen bigarren erdiko euskal artearen berritzaile nagusietako bat izan zen. Bermeon jaio zen gaurko egunez duela ehun urte. Eskultore eta margolaria Irunen eta Hondarribian bizi izan zen 2014an Hondarribian bertan zendu zen arte. Haatik, gaurko egunez Hondarribiko Udal Liburutegian eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute. Bigarren solairuko liburuen artean zutabe bat eskaini diote.
Bizitza eta lanak
20 urterekin publizitate arloan lan egin zuen, Buenos Airesen, erbestean zela. Urte batzuk igaro zituen bertan 1952an Euskal Herrira itzuli zen arte. Orduan, Arantzazu Santutegiko kriptako hormako irudiak margotzeko lehiaketa bat irabazi zuen. Mende berean Abangoardiako erakusketetan parte hartu zuen, Europan eta Ameriketan zehar, eta Irunen dagoen Biok etxea sortu zuen.
1957an arte esperimentaleko talde baten, 57 Taldearen, sortzaileetako bat izan zen eta 1960ko hamarkadan, euskal margolariak bildu zituen talde baten parte izan zen, Gaur taldea. 1980ko hamarkadan, berriz, Eusko Jaurlaritzako Kultur aholkulari gisa jardun zuen, Carlos Garaikoetxea presidente zelarik. Bien bitartean lanak eta erakusketak egiten jarraitu zuen.
Haren lan entzutetsuenen artean daude, besteak beste, Arantzazu Santutegiko kriptako hormako irudiak, Bermeoko portu zaharreko eskultura, Euskal Kosmogonia seriea, Leioako eskultura, Matxitxakoko guda, Sartagudako Memoriaren parkeko eskultura, Iztuetari kantua eskultura Donostian edo Omenaldia Pasaiari eskultura.