Elkarretaratzeak gaur Irunen indarkeria matxista salatzeko
Udalak "gogor" gaitzetsi du atzoko erasoa eta 19:00etan San Juan plazan biltzeko deia egin du. Itaiak, berriz, 18:30ean egin du elkartzeko deia San Juan plazan ere 'Indarkeria matxista orori aurre egin' aldarri pean.
Biolentzian aurrekariak dituen 30 urteko gizon batek emakume bati eraso egin zion atzo Plaiaundiko parkean. Emakumearengana gerturatu eta lepotik gogor heldu zion inmobilizatzeko helburuarekin. Gizonak ukituak egin zizkion emakumeari, eta honek, ihes egitea lortu zuen gero.
Erasoa bukatu egin zen emakumeak egindako erresistentziaren eta laguntza eske egindako oihuen ondorioz. Orduan, eraso egin zuena Hendaiara joan zen, emakumeak 112 zenbakira deitu zuen eta Ertzaintzak eta Frantziako Poliziak atxilotu egin zuten. Gizona epailearen esku dago orain.
Irungo Udalak erasoa “gogor” gaitzetsi eta arbuiatu du, eta biktimari eta haren inguruari “babesa eta hurbiltasuna” adierazi diote. Horretarako, haien eskura jarri dituzte udal baliabideak.
Horrez gain, erasoa jasan duenari babesa erakusteko elkarretaratzea deitu du Irungo Udalak gaurko, 19:00etan, San Juan plazan. Halaber, udalak babesa erakutsi die hirian mugimendu feministak eraso matxistak salatzeko egingo dituzten gainontzeko ekintzei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Irungo Udalaren adierazpen instituzionalarekin eta “gaitzespen irmoena” adierazi du atzoko eraso matxistaren harira. “Elkartasuna eta gertutasuna” erakutsi diote erasoa jasan duenari, baita haren senide eta hurbileko lagunei ere.
Aldundiaren arabera, emakume guztiek dutela aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta horregatik, besten behin adierazi dute indarkeria matxistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi dituztela. Irungo Udalak gaurko deitu duen elkarretaratzean Nerea Isasi Berdintasuneko foru zuzendaria izango dela aurreratu dute.
Bidasoko Itaiak ere elkarretaratzea deitu du gaurko San Juan plazan ere, baina, kasu honetan, 18:30ean. Itaiak gogoratu du ostiralean emazte bat hil zuela gizon batek Donibane Lohizuneko hotel batean, aste batzuk lehenago hotel bateko balkoitik emaztea bota ondoren.
Itaiak nabarmendu du “etengabeak” direla emakume langileen kontrako erasoak, ez direla kasu isolatuak eta emakumeak zapalduta mantentzeko gizartearen muturreneko adierazpentzat jo dituzte eraso horiek. Gaurko deialdian, Donibane Lohizuneko erailketa eta Irungo erasoa salatuko dituzte Indarkeria matxista orori aurre egin aldarri pean.
M8 Asanblada Feministak ere gaitzespena adierazi du atzoko eraso sexistaren harira eta Donibane Lohizunen hildako emakumearen kasuaren karietara. “Beste behin ere, sistematikoki erasotzen, bortxatzen eta hiltzen gaituen patriarkatuaren ondorioak pairatzen ditugu”, azaldu dute. Sostengua eta babesa erakutsi diote erasoa jasan duen emakumeari eta baita hil duten emakumearen senideei eta lagunei ere. “Ez zaude bakarrik”, bukatu dute.