Hasi da trainerillen aroa
Gipuzkoako Trainerilla Ligako bi estropada izango dira jokoan asteburuan. Maiatzaren Lehenean hasi zuten lehia.
Batelak lehorrean utzi, eta orain trainerillen txanda. Jada hasi da 2024ko Gipuzkoako Trainerilla Liga, Maiatzaren Lehenean Mutrikun egindako estropadarekin. Hala, asteburu honetan jarraipena izango du herrialdeko ligak, gaur Donostiako Urumean (12:00) eta bihar Getarian (11:00) egingo dituztelako ligaxkari dagozkion hurrengo bi estropadak. San Pedro, San Juan, Hibaika eta Hondarribiko ontziak hasi dira lehian, Oarso Bidasoko ordezkariei dagokienez.
Ligako laugarren eta azken estropada hilaren 11n (larunbata) izango da jokoan Orion, baina Hernanik antolatua. Hurrengo egunean iritsiko da Gipuzkoako Trainerilla Txapelketaren txanda, Getarian.
Maiatzaren 1eko lehen estropadan, emaitza oso esanguratsuak eskuratu zituzten Oarso Bidasoko taldeek. Horrela, San Pedrok mutil kadeteetan eta gazteetan lortu zituen garaipenak, eta San Juanek nesken Gazte Mailan. Hemen klik egiten bada Mutrikuko lehiaren berri (sailkapenak eta denborak) izateko aukera.