Zestafesta, sormenaren eta diseinuaren festa
Hilaren 25ean sormena eta diseinua ardatz dituen jaialdiaren lehen edizioa egingo da Itsas Etxean. Egun osoko programazioa ondu dute: goizean sormen tailerrak egongo dira, eta arratsaldean, hitzaldiak.
Hilaren 25ean Zestafesta sormen eta diseinu festibalaren lehen ekitaldia egingo da Itsas Etxea Auditoriumean. Sormena eta diseinua ardatz dituen jaialdiaren antolatzaileak Julia Lasa, Patri Taberna eta Ane Garmendia ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak dira.
Antolatzaileen arabera, Zestafesta jaialdiaren helburua da tailerren eta hitzaldien bitartez sormen talentua ezagutaraztea, eta sormenak proiektu baten azken emaitza baino askoz gehiago hartzen duela gogoraraztea. Plazer bisuala baloratzen duten sortzaileen “gozamenerako” sortutako topaketa ere badela adierazi dute antolatzaileek.
Egun osoko programazioa ondu dute antolatzaileek. Goizean, 10:00etatik 12:00etara, sormen tailerrak egongo dira Ainhoa Gordorekin (AG Caligrafia), Kattalin Agedarekin (Banaka Tailerra) eta Libe eta Maore Sagarzazurekin (Kulluxka). Arratsaldeko saioa, aldiz, 16:30ean hasi eta 20:00etan bukatuko da, eta hitzaldiak egingo dituzte sormen munduko gonbidatuekin. Hizlariak Bonita Estudioa, Andoni Beristain, Isa Muguruza eta Pensando en Blanco izango dira.
Antolatzaileek zehaztu dute Hondarribiko sortzaileen tailerren eta “izen handiko” sortzaile euskaldunen hitzaldien arteko “oreka” bat lortu dutela egitaraua egituratzeko garaian. Hitzaldiei dagokionez, Bonita Estudioko kideak modernitatea eta tradizioa fusionatzearen inguruan arituko dira; Andoni Beristain argazkilari eta arte zuzendariak mundu bisualarekiko “lilura” partekatuko du; Isa Muguruza ospetsu bihurtu duen estilo berezi eta koloretsuaz mintzatuko da; eta Pensando en Blancok marken identitatean esploratuko du.
Bidassoa Basque Brewery garagardotegiak Zestafest festibalerako lata edizio propioa diseinatu duela jakinarazi dute antolatzaileek, eta garagardo horrekin topa egingo dute bertaratzen direnek. Bestalde, Eskua Paper arduratuko da egitasmoaren kalitate grafikoaz eta inprimatze lanez, “emaitza erabat profesionala lortuz”.
Zestafest jaialdiaren lehen ekitaldiko kolaboratzaile izan dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Hondarribiko Udala, Bidasoa Basque Brewery eta Eskua Paper.