Egin daiteke Sanpedro eta Sanmartzialetan txosna jartzeko eskaria
Gaurtik maiatzaren 13ra bitartean aurkez daitezke eskaerak. Aurten, hainbat eragilek txosna bat elkarbanatu ahal izango dute.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi duenez, gaur ireki da 2024ko sanpedro eta sanmartzialetan txosna jartzeko eskaera aurkezteko epea. Eskaera aurkezteko azken eguna maiatzaren 13a izango da.
Hauek dira eskera egin dezaketenak: Eusko Jaurlaritzaren elkarte eta erakundeen erregistroan izena emanda dauden eta egoitza Irunen duten kultura, kirol edo aisialdirako erakunde eta elkarte guztiak, bai eta Irungo institutuetako eta helduen eskolako ikasleek ere.
Aurten, gainera bada berrikuntza bat: elkarte edo eragile batek baino gehiagok txosna bat elkarbanatu dezaketela. Hala ere, aurkeztu diren eragile guztiek aurretik aipatutako ezaugarri guztiak bete beharko dituzte.
Postuetan edariak eta ogitartekoak sal daitezke soilik, ekainaren 14tik uztailaren lehenera, biak barne, eta gehienez ere sei baimen emango dira, zozketaz esleituak.
Zozketa, publikoa
Eskaeren zerrenda maiatzaren 14ean jarriko da ikusgai, eta zozketa maiatzaren 17an egingo da, 19:00etan. Publikoa izango da zozketa, eta eskaera aurkeztu duten erakundeek ordezkari bana bidali beharko dute bertara, nahitaez.
Kultura, kirol edo aisialdirako erakundeek Irungo Udaleko egoitza elektronikoaren bitartez aurkez ditzake eskaerak.