"Gure eskakizun nagusia konpromiso politikoa da"
Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) zirriborroa aurkeztu du udalak, eta Balazta elkarteak txosten batean jaso du bizikletari buruzkoen planaren balorazioa.
Bi urte baino gehiago pasa duzue HMJP garatzeko energia iraunkorraren batzordean. Plana argitaratu dute. Zein izan da zuen hasierako balorazioa?
ALBERTO DE LA FUENTE: Dokumentua asko gustatu zaigu uste dugulako asko balio duela eta ona dela, eta lan tekniko oso sakona egin dela. Neurri asko bildu dituzte bertan, aspalditik faltan sumatzen genituenak eta udalari eskatzen genizkionak. Zentzu horretan, dokumentua oso positibotzat jo dugu, eta aberatsa da neurrietan. Bestalde, arreta deitu digu aurreko HMJPk 2021era bitarteko iraunaldia izateak, eta 2024an oraindik behin betikotzat eman ez izanak.
Zein izan da zuen txostenaren helburua?
DE LA FUENTE: Hasierako zirriborroari ekarpenak egiteko egin dugu. Gure kasuan, bizikletaren mugikortasunari lotutako zatia da aztertu duguna, eta ikusi dugu bai diagnostikoak, eta baita hartu nahi dituzten neurrietan ere kontu oso interesgarriak zeudela, oso positiboak bizikletarentzat. Bazeuden ere faltan sumatzen genituen ekarpenak edota zuzenketak behar zituzten atalak, dokumentua hobetzeko. Horietako batzuen kasuan hobekuntzak alor ekonomikoari lotutakoak dira. Anexoetako batean bidegorrien kostuaz hitz egiten da, eta ez da oso zehatza. Batez bestekoak oso azpitik estimatu dituzte, eta kostu ekonomikoak ez daude errealitateari lotuta.
Lehen eskaera izan da bidegorriak hobetzeko neurriak baloratzea eta ekonomikoki konkretuago estimatzea. Adibidez, Kolon ibilbideko bidegorria planaren ardatza da, eta 300.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute horretarako. Denok dakigu obra txukun bat egiteko diru hori baino askoz gehiago behar dela.
Ekarpen batzuen falta «etsigarria» dela diozue. Zergatik?
DE LA FUENTE: Faltan sumatzen ditugu etorkizunean sortuko diren auzo berriei edota azpiegitura berriei erreferentziak. Horietako proiektu batzuk jada onartuta daude, beste batzuk ikertze fasean daude, eta beste batzuk eraikitze fasean. Esate baterako, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatuko dituzte, eta inguru hori erdigunetik kanpo dago. Guk faltan sumatu dugu proiektu horretan bidegorririk ez txertatzea: hori ez egitekotan, orain arte Plaiaundin ikusi dugun eredua errepikatuko da: ehunka haur joaten dira bertara astero entrenatzera, eta ez dute bakarrik joan ahal izateko biderik, ezta argiztapen egokirik ere. Gainera, orain Plaiaundin bidegorri bat egingo da, baina instalazioak bertatik kenduko dituzte.
Berehalako ekintzak ere eskatu dituzue, agintaldi honetan gauzatzekoak.
DE LA FUENTE: Plana onartzearekin batera —hiru urte daramate idazten eta oraindik ez dakigu noiz izango dugun esku artean behin betiko dokumentua—nahi dugu onartzea agintaldi honetan gauzatuko dituzten neurriak, berehala. Horietako batzuk errazak ziren egiteko, eta epe laburrean egin daitezke, sei hilabetean edo gutxiagoan. Badira beste batzuk epe ertainera begira egin daitezkeenak, hurrengo agintaldian.
Guretzat garrantzitsua da konpromisoa, eta txostenean zehar askotan errepikatu dugun hitza da. Erakundeen konpromisoaz ari gara, plana aurrera eraman dezaten. Hainbeste urte idazten pasa ondoren, eta plan bat idazten hainbeste diru gastatu eta gero, ezin dugu tiradera batean gordeta utzi, edota proiektuak geldiarazi ez dagoelako aurrekonturik. Gure eskakizun nagusia konpromiso politikoa da. Kronogramak, datak, datuak eta aurrekontuak eskatzen ditugu.
Konpromisoa eskatu diezue Irungo eta Hondarribiko udalei. Zertarako?
DE LA FUENTE: Eraginkorrak izateko, gaurtik ezar daitezkeen neurriak martxan jartzen ari beharko lukete jada.
MANU EIZAGIRRE: Argi eta garbi esan nahi dugu. Zertaz ari gara hitz egiten? Mugikortasunaz. Irungo jendea Hondarribira mugitzen da, eta aldrebes. Ez dugu ulertzen nola gaia horren argi egonda bi udalek ez duten adostasun bat, nola ez duten aldundiarekin adostasunik. Mendeluko zatia aldundiarena da, eta bi udalak aldundiarekin ados jarri beharko lirateke. Azken finean, Gipuzkoako biztanleen zati handi bat hemen bizi gara, eta ikusita Donostia inguruan bidegorriak egin direla, noiz egingo da Irun eta Hondarribia arteko lotura? Galderak besterik ez dauzkagu, eta planak asmoen adierazpen baten itxura du.