Gal Stadiumerako bideko argiztapena hobetzeko lanekin hasi dira
Espaloia zabaldu eta zoladurarik gabeko zatietan zoladura jarriko dute. Hiru hilabete iraungo dituzte obrek.
Gal Stadium oinezkoentzako ibilbideko argiztapena hobetzeko lanak hasi dituztela iragarri du udalak. Hiru hilabeteko iraupena izango dute eta aurrekontua 119.835,50 eurokoa da, eta Construcciones Otegui Gaztañaga, S.L. enpresak burutuko du. Ekimen honek auzotarrek egindako eskaerei erantzuten diela adierazi du Irungo Udalak.
Jarduketarekin espaloiak hobetu nahi dituzte. Horretarako, zabaldu egingo dira, estuegiak diren puntuetan, zoladurarik gabeko zatietan zoladura jarriko dute eta espaloi berriak eraikiko dituzte, egun oinezkoentzako ibilbide osatu gabeak dituzten zatietan.
Horrez gain, LED teknologiarekin oinezkoen ibilbideetako argiztapena hobetuko dute eta konponketak egingo dituzte estadioaren perimetroko urbanizazioan. Eraikita dauden oinezkoentzako ibilbideetan eta egingo diren berrietan hobetuko da argiztapena.
Horretarako, estadioaren ekialdeko espaloian argi-puntu gehiago instalatuko dituzte, eremu horretako espaloi zabaldua argiztatzeko, ahalik eta guztiz argiztatua geratu arte estadioaren ekialdeko alde hori eta kanal ondoko bidegorria lotzen dituen ibilbidea.
Gainera, argi-puntu berriak jarriko dituzte estadioa eta Iparralde hiribidea lotuko dituen espaloi berrian, eta Kostorbealde kaleko eta Gal estadioaren hegoaldeko argiztapena aldatuko dute ere. Bestalde, argi-puntu berri batzuk instalatuko dituzte estadioko mendebaldeko ibilgailuentzako sarbidean, zona horretan eraikiko den hormigoizko espaloia hobeto argiztatzeko.