Euskadiko Errugbi Liga bueltan da Plaiaundira
Ligaren azken txanpan dago Biok Txingudi. Hala, bihar, Biok Txingudik Arrasate/Eibar B jasoko du bere zelaian.
Biok Txingudik Arrasate/Eibar B taldea jasoko du bihar, hilak 4, 16:00etatik aurrera Plaiaundin. Aldiz, Emakumezkoen Euskadiko errugbi ligaren azken txanpa izango da Biok Txingudirentzat.
Martxoaren 17an jokatu zuten azkeneko partida Asier Gonzalezek zuzendutako jokalariek. Iruñaren aurka jokatu behar zuten partida bertan behera geratzeak aurreikusitakoa baino atsedenaldi luzeagoa izatea eragin du.
Hala ere, Plaiaundikoek denbora aprobetxatu dute atsedena hartu, lesioetatik errekuperatu eta geratzen zaizkien norgehiagokak prestatzeko. Izan ere, Biok Txingudik, asteburu honetan, bigarren faseko B multzoko 5. jardunaldia jokatuko du etxean joaneko partidan gauzak erraz jarri ez zizkion Arrasate/Eibar B taldearen aurka.
Eibarko Unbe zelaian jokatu zen norgehiagoka hartan, orduan etxekoak zirenak partida kontrolpean izan zuten azkeneko txanpara iritsi arte. Orduan, etxekoek azken bultzada eman zuten eta markagailua iraultzea lortu zuten amaieran 28 eta 43 garaitzeko.
Asteburu honetako konpromisoa ez da batere erraza izango Biok Txingudirentzat, aurkariak emango dizkion buru hausteez aparte, hainbat baja aurreikusten dituztelako.
Lea Etxebarrieta, Irene Goenaga, Lucia Durán eta Ainara Varelak arrazoi ezberdinengatik ezin izango dute jokatu eta Saioa Gartzia, Leire Muñoz eta Lupe Pescador ez dira lesioetatik errekuperatu. Dena den, taldea gogotsu eta konfiantzaz beterik dago ligako debuta ahalik eta hoberen amaitzeko.
Emakumezkoen partidaren aurretik, 16 urtez azpiko taldeak Ordizia jasoko du. Gabiria Txingudi/Baztanek 12:00etan Ordiziaren aurka jokatuko du Plaiaundin ligako azken aurreko jardunaldian. Goierrikoak bosgarren doaz sailkapenean, Txingudi/Baztanek baino hiru puntu gehiagorekin. Plaiaundikoen garaipen batek taulan aurreratzea ekar lezake.
Eskola Kontxako hondartzara doa
Igande honetan Gipuzkoako topaketen azkeneko hitzordua izango du Txingudiren Eskolak. Donostiako Kontxako hondartzan elkartuko dira Gipuzkoa, Errioxa, Nafarroa, Araba eta Ipar Euskal Herritik iritsitako hainbat talderekin jokatzeko. 10:00etan hasiko da txapelketa eta Txingudi/Baztanek sub 10, sub 12 eta sub 14 taldeekin izango da ordezkatua bertan.