LAB eta ELA: "Endaneako langileen egoera jasanezina da"
Langileek hilabete eta erdian ez dute lan baldintzak hobetzeko proposamenik jaso, eta bost eguneko greba egunei ekin diete. Egoera tentsioz bizi dute langileek.
Apirilaren 26an iragarri zituzten Endaneako langileek mobilizazioak. Urteko egutegia negoziatzen ari ziren enpresarekin, baina martxoaren 15ean, enpresak, berak ezarritako baldintzekin sortutako egutegia ezartzea erabaki zuen.
Hala, bi asteburutik behin lan egin beharrean, larunbat guztietan lan egitera daude behartuta langileak. Gerora, mobilizazioen erdian, beste proposamen bat helarazi zien enpresak. Proposamen horren arabera, urtean bi asteburu libratzea da egindako proposamen berria. Urteko bi asteburu libre horietako bat, urtarriletik martxora litzateke, eta bestea urritik azarora. Beraz, martxotik urrira bitartean asteburu guztietan lan egitea da enpresak proposatutakoa. Horrez gain, astelehenetan pabiloia ixtea erabaki du enpresak “aldebakarrez”.
Oporrak hartzerako garaian langileei opor egun gutxiago izatea eskatu die enpresak langileei. Enpresari egoera “jasanezina” dela adierazi zieten, eta bi egun opor gehitzea erabaki zuen enpresa familiarrak. Betiere, opor egun horiek, langileek aurretik dituzten opor egunen segidan izaten badira.
Urtean 1.788 ordu lan egiten dituzte langileek eta arestian aipatutako proposamenarekin ez dela “arazorik konpontzen” salatu dute LABek eta ELAk. Izan ere, eguneko lan ordu kopurua ez da finkoa, eta egun batzuetan 7, 8 edo 9 ordu lan egin behar dituzte. Ez dute jornada linealik eta egunero bertan egon behar dutelako “kondena” bat dutela gainean salatu dute.
Erantsi behar zaio 1.400 euroko gutxieneko soldata ez dela langile guztien ordainsaria. Beraz, 1.400 euroak netoan ematea erabaki zuen enpresak eta KPIa igotzea, baldin eta 2 urteko antzinatasuna duen langileak. LABek ezezkoa eman zion proposamen horri, langile batzuei soilik igoko dietelako KPIa.
Ordutegi aldaketa ere ezarri dietela deitoratu dute, eta, orain, 20 minututan bazkaltzera “behartuta” daudela adierazi dute Maialen Agirregabiriak LABeko delegatuak eta Maite Enparanek ELAko delegatuak. Kontziliazio arazoez gain, elikadura txarra gehitu behar zaiola lan baldintzen ondorioei gaineratu dute.
Hilabete eta erdi mobilizatzen
Hilabete eta erdian “gauza gutxi aldatu” direla adierazi dute bi delegatuek. Bide horretan, atzo langileen batzarra egin zuten, bi sindikatuek greba deialdia egin zutelako.
Langileak “beldur” direla salatu dute LAB eta ELA sindikatuek eta atzoko bileran agerian geratu zela ondorioztatu zuten: “Langileak eroso sentitzeko espazio bat sortu nahi genuen. Baina, gogoratu behar da enpresa familiarra dela eta langile batzuk familiako kideak direla, harreman zuzena edo zeharkakoa dutena enpresa buruekin, eta horiek ere bertaratu zirela”, azaldu du Ainara Etxabide LABeko ordezkariak.
Momentu “tentsuak, hitz bortitzak, oihuak” egon zirela deitoratu du Etxabidek eta “beldurra” sentitu zuela. “Ez dut imajinatu nahi bertako langileen egunerokoa zenbatekoa den. Grebara gatoz baina mehatxu pean”. Eusko Jaurlaritzako lan inspekzioari deitu diote gaur, Endaneatik egindako bisitan langileak ordezkatzen ari direlako edota ordutegiak aldatu dizkietelako langileei.
“Egoera jasanezina da” dio Etxabidek, eta Agirregabiriak tentuz begiratzen dio lanera bueltari: “Kezkatu egiten gaitu greba egin dugunokiko asteartetik aurrera nolakoa izango den elkarbizitza, aurretik ja konplikatua zelako. Gehiago tentsionatu da giroa atzoko batzarraren ondoren”.
Asteartean aurretik hitzartutako bilera bat dute sindikatuen enpresarekin “langileen kategoriak ez daudelako behar bezala egokituta egiten duten funtzioetara “gain funtzioak egiten dituzte” dio Etxabidek.
Datozen greba egunak eta mobilizazioak:
- Maiatzaren 3an
- Goizeko 08:30etatik, arratsaldeko 20:00etara elkarretaratzea Endanea Garden aurrean.
- Goizeko 12:00etan Elkarretaratze deialdi zabala.
- Maiatzaren 4an
- Goizeko 08:30etatik aurrera, elkarretaratzea Endanea Garden aurrean.
- Goizeko 12:00etan Elkarretaratze deialdi zabala.
- Arratsaldeko 19:30etan, Hondarribiko Portuan elkarretaratzea.
- Maiatzaren 5ean
- Goizeko 08:30etatik aurrera, elkarretaratzea Endanea Garden aurrean.
- Goizeko 12:00etara elkarretaratzea Endanea Garden aurrean.
- Maiatzaren 6an
- Astelehenero bezala, 12:00etan Hondarribiko Martxoak 8 plazan elkarretaratzea.