"Azkenean, ikasten zoaz ezinezkoa dela egunero dena ondo egitea"
Hondarribiarrak Miamiko Dania Beach frontoian debutatu zuen joan den urteko azaroan profesional bezala. Esperientzia hartatik asko ikasita itzuli da herrira, erronka berriei aurre egiteko prest.
Azaroan joan zinen Miamira zure txikitako ametsa betetzera. Amestu bezalakoa izan al da?
Bai eta ez. Esperientzia polita izan da, baina mentalki oso indartsua izan behar zarela ikusi dut. Ezin duzu egunero aurreko egunean egin duzunean pentsatzen egon. Egun txar bat izan baduzu eta hurrengoa ere txarra bada, emaitza traketsak metatzen zoaz. Alde horretatik ez da izan espero nuen bezalakoa. Baina esperientzia bezala oso polita izan da.
Orduan, espero zenuena baino gogorragoa izan da.
Bai. Hala ere, koadroarekin [pilotari guztien multzoa], familia bat osatu genuen, nahiz eta batzuetan gure arteko lehia sortu. Batzuekin ondo moldatu naiz, beste batzuekin ez hain ondo. Bakoitzak esperientzia ezberdina bizi izan dugu.
Elkarrekin bizi zineten?
Euskal Herriko bost pilotariak elkarrekin bizi ginen. Beste etxe batean beste bi pilotari bizi ziren, beste batean hiru, eta laugarren batean lau. Bizikidetzari dagokionez, orokorrean ondo moldatu ginen denen artean.
Ordu asko pasatzen zenituzten orduan elkarrekin.
Bai, azkenean 24 ordu egoten ginen pertsona berdinekin. Etxekoekin ia egun guztia, eta kanpokoekin ere bai. Astelehen eta asteartean jai izaten genuen, eta guztiak gure etxera etortzen ziren play-ra jolastera eta elkarrekin egotera.
Nolakoa izan zen Miamiko Dania frontoia zuzenean ikusi zenuen lehen aldia?
Frontoia soilik Youtuben nuen ikusia, eta zure begiekin ikustea oso polita da. Ikusi eta berehala egin genuen lehenengo entrenamendua, eta ume txiki baten gisara sentitu nintzen. Txikitatik nuen amets hori egi bihurtzen zela ikustea oso polita izan zen.
Bertan profesional bezala aritu zara, eta joko berri batean lehiatu behar izan zinen, kinielatan. Nola sentitu zinen joko horretan?
Joko hori ez da partida normal bat bezalakoa. [Kinieletan 8 bikote daude eta bikote bakoitzak zenbaki bat du. 1 zenbakia duena 2 zenbakiaren aurka lehiatzen da, adibidez, tanto bat lortzeko. Puntua galtzen duen bikotea kaiolara (aldagela moduko bat da) joaten da, berriro jokatzeko txanda noiz helduko zain. Helburua 7 edo 9 puntura heltzea da. Kiniela bakoitzean bikotekide ezberdin batekin jokatzen dute]. Partida arrunt batean akatsen bat egiten baduzu aukera gehiago dituzu. Kiniela batean, ordea, akatsen bat egin eta agian ez zara berriro gurpilean sartzen, beste kiniela batera zoaz zuzenean. Zirkulu horretan sartzea ez da ona izaten. Baina hango denboraldia amaitzerakoan eta hona itzultzerakoan konturatzen zara asko ikasi duzula, eta mentalki indartsuagoa zarela. Fisikoki gaizki xamar itzuli naiz [barrez]. Azkenean asko ikasten duzu, eta hori da garrantzitsuena. Edozein akats tontok kanpoan utz zaitzake, eta orduan gauzak noiz eta nola egin ikasten duzu.
Aipatu duzu mentalki egoera berri baten aurrean aurkitu zinela. Nola egin zenion aurre egoera horri?
Hasieran ondo hasi nintzen, baina gero oso aste txar bat izan nuen, eta etxean gaizki egindakoei buruz asko pentsatzen nuen. Inpotentzia sentitzen nuen. Aitak eta familiakoek asko animatzen ninduten, eta haiengatik zerbait gehiago egin nahi nuen. Ikasten zoaz egun edo aste txarrak izan ditzakezula, eta ezinezkoa dela egunero dena ondo egitea. Hori izan da nire ikasgairik handiena.
Nolakoa zen zure egunerokoa AEBetan?
Asteazkenetan, adibidez, 13:00etan eta 19:00etan genituen funtzioak. Eguerdikoak 3 ordu irauten zituen, eta arratsaldean 18:00etarako egon behar ginen berriz ere frontoian. Goizean ez genuen gauza askorik egiten, igerilekuan egon edo erosketak egiten genituen, eta 12:00etarako frontoian egon behar izaten ginen. Ordu hori prestaketa lanak egiteko baliatzen genuen: entrenatzeko, mentalizatzeko… Bakoitzak bost edo sei kiniela jokatzen zituen funtzio bakoitzero, eta guztira bederatzi kiniela jokatzen ziren. Larunbat gauetan, berriz, hamar izaten ziren. Lehen kiniela jokatu eta agian hurrengo biak jokatu gabe geratzen zinen. Hortaz, hotz geratu, eta lesionatzeko arriskua izan zenezake. Baina bat-batean jokatzen hasi, eta hurrengo hiru kinielak jarraian jokatu behar zenituen. Sesio bikoitza genuen egunetan kasinoan bertan bazkaltzen genuen.
Funtzioetan zer-nolako giroa sortzen zen? Jende asko gerturatzen zen?
Astean zehar ez ziren pertsona asko joaten, baina ostiral eta larunbatetan ia beteta egoten zen. Giro ona sortzen zen.
Lehiatzen duzunean Txanika izenarekin egiten duzu.
Nire herenaitonari Txanika deitzen zioten, eta hortik dator. Bizi naizen baserria Txanika Enea deitzen da ere bai. Familian dugun izena da.
Pozik han bizitako esperientziarekin?
Bai, momentu txarrak pasa nituen arren, orokorrean oso ondo egon zen. Aurten berriro joango naiz, beste hiru hilabetez. Lehengo urtean joan ginen denak gonbidatuta gaude azaroan itzultzera.
Bizitako guztitik zerekin geratzen zara?
Egindako lagunekin. Harreman estua sortu dugu. Talde bat dugu eta bertatik hitz egiten dugu. Partidetan ikusten gara ere, eta oso polita da hori.