Airearen kalitatea neurtzeko zortzi sentsore instalatuko dituzte
Sare bat sortuko dute emisio gutxiko eremua sortu aurretik egoera aztertu ahal izateko.
Emisio gutxiko eremua sortzeko azterketak egiten ari da udala, eta horretarako, airearen kalitatea neurtzeko zortzi sentsore instalatuko dituzte. Hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako programaren 2022ko deialdiaren barruan garatzen ari dira. Kontratuak lau urteko iraunaldia izango du, eta aurrekontua 179.818,10 eurokoa da, % 21eko BEZa barne, eta, horrez gain, Next Generation funtsetatik jaso dute 93.870 euroko zenbatekoa.
Emisio gutxiko eremua sortzeko, hainbat neurri hartu behar ditu udalak, “udalerriko airearen kalitatea hobetzeko”, eta, baita “hobekuntza ebaluatzeko”, aplikatu behar duten araudiaren zentzutik, airearen kalitatea sentsorizatzeko sare bat garatu behar du udalak.
Sare hori, eremua sortu aurreko egoerari buruzko informazioa eta eremuak sortu ondokoari buruzkoa konparatzeko eta, horrela, hartutako neurriak egokiak diren baloratzeko eta neurri gehigarririk hartu beharra dagoen ebaluatzeko datu objektiboak izateko baliatuko dute.
Bide horretan, Irungo Udalak airearen kalitatea neurtzeko sentsore sare baten hornikuntza, instalazioa, eta mantentzea kontratatu ditu, hiriko emisio gutxiko eremua sortzen denean airearen kalitateari dagozkion helburuak betetzen diren kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko.
Zortzi sentsore instalatuko dituzte guztira: ekipo txiki eta konpaktuak, energiaz hornitzeko eguzki plaka propioak izango dituztenak eta etengabeki atmosferaren kutsaduraren adierazleak neurtuko dituztenak (nitrogeno dioxidoa, PM10 partikulak, PM2,5 partikulak, karbono monoxidoa, sufre dioxidoa eta ozonoa), baita eguraldiaren parametroak ere. Gainera, sentsoreek hiriko zarata neurtzeko sonometro bat ere izango dutela azaldu dute.