Lur Alaiko Xabi Azaldegi garaile Baionako Tomas Iribarren Squash Txapelketan
Frantzia mailako txapelketan nagusitu da Lur Alaiko jokalaria, beste 57 jokalariren aurretik. Hurrengo asteburuan Artalekun jokatuko dute XI. Bidasoa Txingudi Squash saria.
Asteburu honetan jokatu da Baionan Tomas Iribarren Squash Txapelketa. Frantzia mailakoa izan da lehia eta jokalari kopurua 64ko koadroa izaten bada ere, 57 jokalarik hartu dute parte. Irungo Lur Alai squash kluba bertan izan da eta urrezko dominarekin itzuli dira etxera: Xabier Azaldegi hernaniarra izan zen garaile.
Gorka Arretxe klubeko kideak adierazi du lehen aldia dela Hego Euskal Herriko jokalari batek Frantziako txapelketa nazional bat eskuratzen duela, “eta hori oso pozgarria da”, adierazi du. Pistan aritu ziren ere Pariseko, Normandiako, Bretainiako, Bordeleko edota Tolosako jokalariak, besteak beste. “Jokalari indartsuak”, nabarmendu du Arretxek.
Guztira, Bidasoko klubeko hiru jokalari bertaratu ziren: Juana Marugan (37.), Gorka Arretxe (11.) eta Iñaki Gartzia (7.). Lur Alaik eskerrak eman dizkio Baionako squash klubari elkarren artean duten harreman estuak mantentzeagatik. Gaineratu dute “etxean baino hobeto” tratatzen dituztela etxetik kanpo. Horrez gain, irundarrak animatzen aritu ziren baionarrak.
Azkenik, aurreratu dute datorren asteburuan, maiatzak 3an eta 4an, Euskal Herriko Liga Txapelketa jokatuko dela Irungo Artaleku kiroldegian, Lur Alaiek antolatuta. Partiduak ostiralean hasiko dira eta larunbat arratsaldean bukatzea espero dute. XI. Bidasoa Txingudi Squash saria izango da eta 40 bat jokalari espero dituzte, gizon, emakume eta juniorren artean. Izen emateak itxita daude.
Eskaerak
Bukatzeko, txapelketa hauen kronika eta emaitzaz gain, “kluba atzean dagoela” azpimarratu du Arretxek. “Klubak salatu nahi du hasiera batean 4 pistak erabiltzen zituela eta pandemia ondoren bat itxi zuela udalak . Ordutik, hiru pistekin gabiltza entrenatzen eta eskolak ematen”.
Deitoratu du joan den asteburukoak bezalako emaitza onak ari direla lortzen, baina entrenatzeko ordu gutxiago dituztela berez izan ahalko zena baino. “Lau pistak egunero irekita mantentzea eskatzen dugu”, erantsi du.
Urteak egiten ari diren eskaeraz gain, squash pistak berritu behar direla ere galdegin dute, baina “edozein eskakizunekin bezala, entzungor egin digute eta ez dugu erantzunik”. Klubak “tristetzat” jo du egoera, eta klubarekiko errespetu gutxi adieraztea dela ere uste dute. Bide horretan, errespetua eskatu diote Kirol departamentuari. “
“Ez gara eztabaidan sartuko baina guk geuk eskatzen ditugun eta ziurtatzen ditugun diru laguntzak ditugu, eta hori ez da udalaren erabakimenez eta politiken bidez ematen diguten laguntza bat. Klub guztiek daukaten eskubide bat baldintzak betetzen ditugunaren ondorio dira”, bukatu dute.