Eraitsi dute Kateako Elizatxo hiribideko zubia
Behin eraisketa eginda, auzoa elkartzeko proiektuari ekingo dio Irungo Udalak. "Historikotzat" jo dute zubiaren desagertzea.
Katea bitan banatuta egoteari uzteko hirigintza proiektua martxan da iazko azarotik, eta asteburu honetan–hilabete bat atzeratu bada ere– eraitsi dute Kateako Elizatxo hiribideko zubia, Letxunborro hiribiderantz doana. Jarduketa hau “historikotzat” jo du Cristina Laborda alkateak eta gogoratu du inguru horretan “eremu ireki” bat sortzera doazela auzoaren muinean.
Orain, pasarela berri bat eraikitzeari ekingo diote, txirrindularientzat eta oinezkoentzat soilik izango dena, eta egungo kokapen bera izango du: Elizatxo hiribidean Errotazar errepideko bidegurutzeraino. Ibilgailuek, berriz, Errotazar bidetik joan beharko dira Letxunborro hiribiderantz, azken hilabetean egin bezala.
Trenbideen ertzean parke lineal berri bat sortuko dute eta obren abiapuntua izango da. Era horretan, biaduktua kentzea eta pasarela berria eraikitzea izango dute ardatz berdea. Parke linealarekin “kohesioa” lortu nahi dute, eta pasarela ekologikoarekin, aldiz, trenbideen arrakala ixtea.