San Martzialeko igoera lasterketarako izena eman daiteke
Ekainaren 22an egingo da lasterkarien proba eta dortsalaren prezioa 10 eurokoa da. Aurten, gainera, bonu bat eskura daiteke Guadalupeko igoerarako ere balioko duena.
46. San Martzialeko Igoera lasterketa, San Pedro eta San Martzial jaien aurrekari klasikoa, ekainaren 22an egingo da, eta gaurtik aurrera izena eman daiteke. Dortsalaren prezioa 10 eurokoa da ekainaren 21era bitartean eta egunean bertan 15 eurokoa.
Gainera, Guadalupeko igoera egitea asmo duenak (abuztuak 31) bonu bat eskura dezake bietan parte hartzeko balioko duena. Era horretan, bi lasterketen prezioa 16 eurokoa izango litzateke, 20 eurokoa beharrean. Dortsalak probaren egunetan jaso beharko dira.
Ohiko ibilbidea egingo du, 3,60 kilometrokoa eta 10:30ean abiatuko dira Urdanibia plazatik. Bertatik, Arbesera joango dira, San Martzial mendiaren igoerako noranzkoan.Helmuga, San Martzialgo ermita izango da.
Parte hartzaile kopuruaren errekorra hautsi nahi dute, 150 korrikalaritan dagoena. Horrez gain, gogoratu dute errekorra hausten duen korrikalaririk balego, 150 euroko saria eskuratuko duela. Errekor hori 12 minutu eta 35 segundotan dago.