EH Bildurentzat "aldaketa haizea" dabil Irunen
Koalizio abertzaleak eskertu egin ditu 5.945 bozkatzaileak eta "izugarria" izan dela babesa baloratu dute.
Joan den igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan “inoizko emaitzarik onenak” lortu izana ospatu du EH Bilduk. Zehazki, 5.945 irundarrek eman zioten koalizioari botoa eta bigarren indarra izan ziren. “Aldaketa haizea” dela gertatutakoa dio Oihana Briones bozeramaileak eta “hauteskundez hauteskunde” babesa “handitzen” ari dela dio.
Jasotako babesa eskertu du jarraian eta “izugarria” izan dela adierazi. Konpromisoa hartu du Brionesek “orain arte bezala” lanean jarraitzeko “indarberrituta eta gogoz”. Horretarako, eragile desberdinekin batera egon nahi du, haiek entzuteko eta elkarlana sustatzeko, “hurbiltasunez, auzoetatik, gure hiriko aniztasunetik eta elkar zainduz”.
Azkenik, eskerrak eman ditu bozeramaileak azken hilabete eta asteetan laguntzen ibili direnei: “bilerak, eskuorri banaketak, kotxe megafonia, afariak, ekitaldietako prestaketa lanak, ahaldun gisa parte hartuz edota hauteskunde emaitzen gaua antolatuz. Zuei guztiei esker, EH Bilduren komunitate zoragarri honi esker, izan gara, bagara eta izango gara”.