Aurten ez dute Sagardo Egunik antolatuko
Errelebo faltagatik eta kostuen igoerarengatik utzi dute aurtengoa bertan behera. Hausnarketarako urtea izango da antolakuntzan inplikatuentzat.
25 urteren ondoren, aurten Sagardo Eguna ez antolatzea erabaki du Taupadak GKEk. Batetik, errelebo falta izan dute arrazoi: “Aurpegi berri gutxi batu zaizkigu urte hauetan, eta nekeak eta ilusio faltak ere eragin dute gugan”. Bestetik, kostuen eta prezioen gorakadak eten du sagarraren festa. “Urte batzuetan ekitaldia negatiboan bukatzeko zorian izan gara”.
Ez dute behin betikotzat jo erabakia, eta, oraingoz, urtebetez geldituko dira, hausnartu ahal izateko. “Argi dugu Sagardo Eguna ezin dugula segi antolatzen oraingo baldintzetan”. Hausnarketa, baina, antolatzaileena ez ezik, kolaboratzaileena, instituzioena eta hornitzaileena ere badela uste dute, “jakin dezagun nora egin nahi dugun aurrera eta zein baldintzetan”. Bide horretan, 2025ari begira ja lanean dabiltzala baieztatu dute.
Azkenik, Taupadak eskertu egin du hamaika pertsonaren lana, hala nola, Irungo Alde Zaharreko hamabi elkarte gastronomikoena. “Zuek gabe ez zen deus posible izango”.