Abenturaero udalekuetan izena eman daiteke behin behinean
2012 eta 2015 urteen artean jaiotakoentzako udalekuak dira. Behin behineko zerrendak maiatzaren 7an argitaratuko dituzte, eta zozketa maiatzaren 13an egingo dute.
Gazteartean zerbitzuak jakinarazi du dagoeneko izena eman daitekeela Abenturaero udalekuetan, maiatzaren 2ra arte. Behin behineko izen emateen epea da zabaldu dena, eta 2012 eta 2015 urteen artean jaiotakoei zuzendutakoa da aisia eskaintza hau. Behin behineko zerrendak maiatzaren 7an argitaratuko dituzte, eta zozketa maiatzaren 13an egingo dute. Azken emaitzak, maiatzaren 16tik aitzina.
Euskarazko udaleku hauen xedea, haurrei bizikidetzako espazio ludiko bat eskaintzea da, betiere komunitatean aisialdiaz gozatzen. Hala, askotariko jarduerak egingo dituzte, hala nola, surfa, eskalada edota stand-up paddle-a.
Izen ematea egiteko udalaren orrialdera jo behar da. Halaber, udalaren autozerbitzu makinetan ere ahalko da egin izapidea. Fitxa bakoitzean txanda berdinerako bi haurren izena eman ahalko da. Orotara, 60 plaza dira eskaintzen dituztenak, hiru txandatan banatuta.
- 1. txanda: Uztailaren 8tik 13ra.
- Ordutegia. Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara, eta ostiraleko 09:00etatik larunbateko 14:00etara.
- 2. txanda: Uztailaren 22tik 27ra.
- Ordutegia: Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara, eta ostiraleko 09:00etatik larunbateko 14:00etara.
- 3. txanda: Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra.
- Ordutegia: Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara, eta ostiraleko 09:00etatik larunbateko 14:00etara.