XXXIII. Herri Kanta Jaialdian parte hartzeko izen ematea zabalik da
Gipuzkoa plazan bilduko dira abesbatza ezberdinak, hilaren 19an, 11:30ean.
Hilaren 19an izango da Herri Kanta Jaialdiaren 33. edizioa. Urtero bezala Gipuzkoa plazan abestuko dute ekitaldira aurkeztuko diren abesbatzek, goizeko 11:30ean. Talde bakoitzak bi abesti aurkeztuko ditu, bai eta maiatzaren 3an 13:30ean Udaletxean egingo den bilkuran hautatuko duten abesti bat ere.
Izen ematea zabalik da eta maiatzaren 2ra arte aurkeztu daitezke. Parte hartu nahi duten abesbatzek hiru baldintza bete beharko dituzte: Ahots berdineko edo mixtoak dituzten taldeak aurkeztu daitezke beti ere kideak 16 urtetik goragokoak badira; Gutxienez zortzi kidez osatutako taldea izan behar du; Eta taldearen osaeraren %80a hondarribiarrak izan behako du, Hondarribian jaioak edo bertan bizi direnak.
Izena ematerakoan partaide kopurua, zuzendariaren izena, harremanerarako pertsonaren izena, harremanetarako telefono eta helbide elektroniko bat eta ondoren egingo den bazkarira joango diren partaide kopurua adierazi beharko dute. Inskripzioak BAZen aurkeztu beharko dira maiatzaren 2ko 13:00ak baino lehen.