Pio XII plazan obrekin hasiko dira bihar
Irisgarritasuna hobetzeko lanak izango dira, baita ere zirkulazioa moteltzekoa. Bihar hasi eta hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Bihar hasiko dituzte Pio XII plazan irisgarritasuna hobetzeko lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, hiru hilabete iraungo dituzte lanek, eta 176.046,12 euroko aurrekontua erabiliko dute obrak egikaritzeko. Bizikidetza eta Segurtasun Planaren esparruan egingo dira, eta auzotarren, elkarteen eta merkatarien eskaerari erantzungo diote.
Plazaren hegoaldeko zatia eta ondoko bideak berrurbanizatuko dituzte, eta asmoa da irisgarritasuna eta itxura orokorra hobetzea. Aldi berean, segurtasuna hobetuko dute faroletako argi foku berriak instalatuta. Horrez gainera, pibote eta jardinera batzuk kenduko dituzte.
Aldaketa nagusia bidegurutze handi baten sorrerak eragingo du, erdigunean. Modu horretan, zirkulazioa moteltzea espero dute, eta plazara sartzen diren “oinezkoak arin eta seguruago” ibiliko direla uste dute. Zentzu horretan, Serapio Mujika kalean, oinezkoentzako pasabide beheratu bat eraikiko dute, Aureliano Lopez Becerra kalean dagoenarekiko simetrikoa.
Espaloi batzuetan ere obrak egingo dituzte, zolagaina berritzeko eta gainazala indarreko araudira egokitzeko. Zehazki, arrapala bat eraikiko dute egungo eskailerak ordezkatzeko. Azkenik, parterreen forma aldatuko dute “itxura orokorra” hobetzeko xedearekin, eta egungo landare eta zuhaitzek bertan segituko dute.