EAJk Irungo "gehiengoaren babesa" eskertu du
8.425 botorekin Irungo alderdi bozkatuena izan da EAJ Irunen. Emandako "konfiantza" eskertu dute "bihotz-bihotzez".
Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeetan EAJk jaso ditu boto gehien Irunen, 8.425 boto, hain zuzen ere, eta Irungo Uri Buru Batzarrak azaldu du “agerian” geratu dela EAJ dela “lehen indarra”. Halaber, nabarmendu egin dute boto kopurua igo izana, eta “bihotz-bihotzez” eskertu dute alderdi jeltzalean “gehiengoaren babesa”.
Era berean, eskerrak eman dizkiete afiliatuei, jarraitzaileei egindako lanagatik. “Ez dizuegu huts egingo, gugan jarri duzuen konfiantza mantentzeko lan egingo dugu, gure konpromiso tinkoa duzu”.
Irunen “alde lanean” segitzeko konpromisoa hartu dute, “irundarren alde, izan gure boto emaileak edo ez, guztiak gure hiriaz eta bizi garen lekuaz harro sentitzen jarrai dezagun”. Azaldu dute datozen urteetan Irungo “erronka garrantzitsuei” egin beharko dietela aurre eta horretarako, lan taldearen “indar berritua” azpimarran jarri dute: “Ez izan zalantzarik: talde lanaren bitartez eta indar berrituekin, garai berri honi aurre egingo diogu eta itxaropen guztiei erantzungo diegu”.