Boluntariotza gaztetzea xede, topaketa hilaren 29an
Adinekoen eta gazteen arteko IV. topaketa foroa egingo da hilaren 29an Palmera Monteron. Lucia Garbayo omenduko dute ere boluntariotzan egindako ibilbideagatik.
Adinekoen eta gazteen arteko IV. topaketa foroa egingo da beste urte batez, Balioen Loratzea ekimenaren edizio berri baten barruan. Aurtengo leloa Boluntarioen arteko loturak izango da, eta asmoa dute boluntariotzan belaunaldien arteko erreleboaren auziari eustea. Topaketa hilaren 29an egingo da, astelehena, 17:00etan, Palmera Montero gunean.
Jardunaldietan adinekoen elkarteko kideak eta gazte boluntarioak dituzten elkarteetako lagunak izango dira hizlariak. Elkarteen artean, Gurutze Gorria, Atzegi eta Tantaka Tecnun bertaratuko dira; baita Gizaldeko dinamizatzaile Ander Larrea; Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Partaidetzako teknikari Aitor Calvo; eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Hezkuntzako teknikari Ander Bargos.
Dinamizatzaile lanetan Bat Bi Hiru arituko da. Lehenik, hirugarren sektoreko adinekoek eta gazteek haien lekukotasuna emango dute, eta ondoren, belaunaldien arteko erreleboari helduko dio. Hizketagai izango dira boluntario izateko arrazoiak, motibazioak eta boluntariotzaren etorkizuna. Aldi berean, boluntario izatearen onurez ere jardungo dira eta ideiak sortzea izango da asmoa.
Topaketarekin bukatzerakoan Lucia Garbayo omenduko dute. Garbayok 50 urtetik gora pasa ditu boluntariotzan, hala nola, Pio Baroja institutuko Gurasoen Elkartean, Odol Emaileak elkartean, Irungo Hiritar Foroan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseiluan. Omenaldia, 18:00etan izango da eta Cristina Laborda alkatea bertaratuko da.
Jardunaldietara nahiz omenaldira joateko izena eman beharra dago aurretik. Horretarako, 943 505 368 telefono zenbakira deitu behar da edota idatzi mezu elektroniko bat ondoko helbidera.