24 orduko erronka Jaizkibeldik gora eta behera
Emil Zatopek Previtek taldeak bosgarren urtez jarraian antolatu du 24 orduko erronka. Gaur eguerdiko 12:00etan hasiko da eta bihar (hilak 20) 12:00etan bukatuko dute. Lagun artean mendian elkartzeko aitzakia da.

2012ko irailean sortu zuten Emil Zatopek Previtek taldea. Mendiko bideetatik lagun artean korrika egitea gustuko duten 40 bat kidek osatzen dute. Igandero 08:00etan elkartzen dira Labrederren eta Jaizkibeldik pare bat orduko mendi buelta egiten dute. Zenbaitetan inguruko mendietara ere joaten dira, Aiako Harrira edo Biriatura adibidez. Taldearen helburua jendea elkartzea eta mendiaz gozatzea da, eta noizean behin, dortsal bat jarri eta lasterketetan parte hartzea. Biltzen diren aldiro giro aparta sortzen dela adierazi dute, eta emozio pixka bat sortzeko zati kronometratuak egiten dituzte: ibilbidearen zati bat aukeratu, eta taldekideak iristen diren hurrenkeraren arabera puntuak banatzen dituzte. Sasoi bukaeran puntu gehien bildu dituenari txapela ematen diote. Kirola egin ondoren hamaiketakoak, poteoak edota bazkariak antolatzen dituzte aldizka.
Bazkari horietako batean, ekintza berri bat sortzeari buruz hizketan ari zirela, sortu zen Jaizkibeldik 24 orduz jarraian korrika egiteko erronka. Hala kontatu du Imanol Narbartek, erronkaren bultzatzaileak. Everest mendiak duen altuera [8.848,86 metro] metatzen saiatzeko ekintza izatea nahi zuten. «Jaizkibelgo ibilbide jakin batetik hamasei errelebo egiten, gutxi gorabehera Everesteko igoera metatua egingo genuela kalkulatu genuen». Lehenengo edizioa gauzatu eta bigarrenean pandemia etorri zen. Alabaina, ez zioten antolatzeari utzi: nork bere etxean 1.000 metro positibo egin zituen. Narbartek haren atariko eskaileretan egin zuen proba, baina izan zen balkoian aulki bat jarri eta gora eta behera aritu zenik ere. «Oso kuriosoa» izan zela kontatu du, barrez. Urte hartatik aurrera normaltasunez antolatu ahal izan dute erronka.
24 orduko erronka
Erronkaren bosgarren edizioa gaurko 12:00etan hasi eta biharko (hilak 20) 12:00etan bukatuko dute. Ordu eta erdiro, txandaka, Labrederretik Jaizkibelera igotzeko errepidearen behealdean egingo dute hitzordua, eta bertatik, Jaizkibelgo antenetaraino joan-etorria egingo dute.
Dena erregistratzeko ordulari bat eramango dute, eskuz esku aldatuko dutena. Txandak taldekideen artean adostu dituzte, Whatsapp bidez. Hala ere, erronka herritar orori zabalik dagoela gogorarazi du Narbartek.
24 orduko erronka denez, gaueko txandak egin behar izaten dituzte. Argirik gabeko ordu horiek mendian lasterka esperientzia gehien duen jendeak egingo ditu. Horietako bat izaten da Narbarte: «Esperientzia bezala pasada bat da, oso polita». Frontalarekin joaten dira eta gauaren isiltasunean beren pausoen hotsak izaten dituzte lagun. Txanda horien kasuan, batez ere, partaideek errelebo bat baino gehiago egin behar izaten dituzte, zaila izaten baita ordu horiek betetzea. Korrika egin bitartean «mila gauzatan» pentsatzeko astia izaten du hondarribiarrak, baina gaueko txanda horietan ez da hala izaten. «Gauez, gehienbat, hanka ez okertzean pentsatzen duzu, eta ikusten badituzu bi begitxo ea zer animalia izan daitekeen…».
Gauza bakarra eskatu du Narbartek: iaz ez bezala, eguraldia lagun izatea.