Kontserbazio bereziko planaren (2013-2019) informea egikaritzeko eskatu du Eguzki Talde Ekologistak
Epea duela bost urte gainditu bazen ere, oraindik planaren betetze maila azaltzen duen informea gauzatu gabe dago. Dokumentua Txingudi Badia kontserbatzeko planifikazio berrian pausoak emateko eta sakontzeko bermea emango duela dio Eguzkik.
Txingudi badia balio ekologiko handia duen enklabea da eta haren biodibertsitatea eta egoera ekologikoa hobetzeko 3 dokumenturen menpe dago: Natur baliabideak babestu eta antolatzeko plan berezia (1994); Kontserbazio bereziko gunea (KBE) eta hegaztien kontserbazio bereziko eremuak (HBBE) (2013); eta Plan Zuzentzailea (2015-2026). Horiek helburuak, babes neurriak eta ordenantzak jasotzen dituzte.
Eguzki Talde Ekologistak bigarren dokumentuan jarri du fokua. Helburuak eta neurriak exekutatzeko epea gaindituta dago; berez 2013 eta 2019 urte bitartean gauzatzekoak ziren. Epea duela bost urte gainditu bazen ere, oraindik planaren betetze maila azaltzen duen informea gauzatu gabe dago. Hala ere, Eguzkik “behaketa eta zainketan oinarrituta” planaren betetze maila urria izan dela uste du.
Planak kontserbaziorako behar bereziak zituen edo egoera kaltegarrian zeuden habitat, flora eta faunak identifikatzen zituen eta fokua, batez ere, lau puntutan ezarrita zuen:
- Habitata kontserbazio egoera desegokian zegoela eta egoera hobetzeko 4 eremuren azalera handitzea beharrezkotzat jotzen zuen planak.
- Hegazti legarren eta ezponden, zikoniformeen, anantidoen, rallidae hegaztien eta passeriformeen kontserbazioan pausuak ematea.
- Apo lasterkaria nahi gabe harrapatua izan ez dadin ekiditeko pausuak ematea eta kudeaketa plan baten onarpena.
- Hiruarantzadun arraina (Gipuzkoan bakarra dena) lokalizatzeko, banatzeko pausoak ematea eta kudeaketa plan bat onartzea.
4.965.644 euroko aurrekontua zuen eta 6 urteko epea zuten plana egikaritzeko.
Honengatik guztiagatik, eskumena duten erakundeei informea gauzatzeko eskatu die Eguzki Talde Ekologistak. Informe horrek, besteak beste, planifikazio berrian pausoak emateko eta sakontzeko bermea emango duelako.